New York, 1836. Samuel Morse (Boston, 1791 – New York, 1872) margolari eta asmatzailea hiriko alkate izateko aurkeztu zen. Garai hartan, ordura arte bizibide izan zuen pintura alde batera utzi eta asmakizunetan buru belarri aritzea erabaki zuen. Baina bere ideia politiko eta erlijioso muturrekoak ez zituen baztertu.
Erlijioak Morserentzat zuen garrantzia garbi geratu zen zortzi urte geroago, 1844ko maiatzaren 24an, Washingtondik Baltimorera Morse kode bidezko lehen mezua telegrafiatu zuenean: What hath God wrought edo “Jainkoak forjatu duena”. Morse protestanteen jainkoaz ari zen. AEBetako XIX. mende erdialdeko katolikoen eta etorkinen aurkako mugimenduaren buruzagi nagusietakoa zen eta Nativist Party edo natiboen aldeko alderdiarekin aurkeztu zen New Yorkeko hauteskundeetan.
Natiboez ari zenean, ez zen Ipar Amerikako jatorrizko biztanleez ari; bere buruaz eta bera bezalakoez ari zen, benetako natiboak baztertu eta sarraskitu zituzten etorkin europarren oinordekoez, eta, zehatzago, etorkin protestanteen oinordekoez. Bere helburua protestanteak instituzio katolikoen aurka batzea zen. Bere proposamenen artean zeuden katolikoei kargu publikoak izan zitzaten debekatzea eta immigrazio legeak aldatzea, etorkin kopurua murrizteko.
Eta etorkinez ari zenean, ez zen esklaboez ari. “Esklabotza ez da berez bekatua”, idatzi zuen, “Jainkoak zentzu onez munduaren hasieratik agindutako baldintza soziala da, diziplinazkoa eta onbera”. Moralki, esklaboen jabe izatea “guraso, enplegatzaile edo agintari” izatearen parekoa zen harentzat.
Samuel Morsek arrakasta eta aitortza lortuko zituen komunikazioen mundua goitik behera aldatu zuten asmakizunei esker, nagusiki, bere izena daraman kodeari eta telegrafoari esker. Morse kodeaz gain, egun, haren izena dute Ilargiko krater batek, asteroide batek eta Argentinako udalerri batek.
Baina, batez ere katolikoen, etorkinen eta esklaboen zorionerako, politikan ez zuen halako arrakastarik lortu eta haren izena ez zen New Yorkeko alkateen zerrendan sartu; garai hartan 300.000 biztanle inguru zituen hirian 1.496 bozka lortu zuen.