argia.eus
INPRIMATU
Puntu kardinalak, euskaldunon buruhauste
Imanol Alvarez 2021eko ekainaren 14a

Betidanik izan dut arazoa puntu kardinalekin. Ñabardurak eta desberdintasunak dauden arren,  erdaraz zein euskaraz gertatzen zaidala aitortzen dut; alabaina, argi baino argiago daukat euskaldun izate hutsagatik gertatzen zaidala hein oso handian.

Orain zaharkitu samar gelditu dira Euskadi Norte edo Euskadi Sur esamoldeak; jada ez ditugu erabiltzen. Nire baitan, aldiz, zizelkatuta bezala daude, gaztaroan hain usu erabiltzearen ondorioz edo. Duda barik, ni del sur sentitzen nintzen; hots, hegoaldekoa: (EHko) Hegoaldekoa, Europako hegoaldekoa... Tontakeria friboloegia irudituko zaizue, agian, baina egia borobila da: Para hacer bien el amor hay que venir al sur zioen Rafaela Carrá-ren kanta hura entzutean, nik aipatutzat jotzen nuen nire burua; esan ohi denaren kontra, beti pentsatu baitut –neure eskarmentutik begiratuta jakina– euskaldunok txortan sarri eta ganoraz egiten dugula.

"‘Para hacer bien el amor hay que venir al sur’ zioen Rafaela Carrá-ren kanta hura entzutean, nik aipatutzat jotzen nuen nire burua"

Espainiarrekin berba egitean, ostera, behin eta berriz esaten zidaten ni del norte nitzela; chicarrón del norte, alegia. Eurek, zalantza izpirik gabe, Espainiako iparraldeko adierazi nahi zidaten; nik, ordea, oso bestela neureganatzen nuen, penintsulako iparraldekoa nintzela adituz... edo aditu guran. Hura nire lehen buruhaustea. Gero beste batzuk etorriko ziren.

Egun, normalduta dago bai euskaraz bai erdaraz Iparralde eta Hegoalde erabiltzea, euskaldunon artean behintzat. Baina horren harira ere gaizki ulertzeak edo, hobe esanda, zer ulertu ez jakiteak sortzen zaizkit askotxotan. Adibidez, Euskadi Irratian eguraldiaren berri entzuten dudanean, esatariak iparraldean, euriahegoaldean oskarbi dioenean, ez dut jakiten zer jaso. Akaso Baionan aterkia hartu beharko luketela eta Bilbon hobe eguzkitarako betaurrekoak hartzea? Ziur aski ez; baina ehuneko ehunean seguru ez naiz inoiz egoten. Edonola ere, Euskal Herriko alderdi geografiko soilari erreparatuz, hegoaldea Oion izan liteke, baina baita Tutera ere; eta ez dut uste beti eguraldi berdintsua egingo duenik alde bietan. Zer ulertu, hortaz, hegoaldean diotenean?

Hori guztia gutxi balitz, beste fronte bat zabaldu berri zait orain urte gutxi, hainbat hizkuntzalarik jakinarazi zigutenean ez zela egokia Iparraldeko euskara esatea, baizik eta egokiagoa zela Ekialdekoa esatea. Hara! Beti Iparralde izan duguna, orain, bat-batean, Ekialde bihurtu al zaigu? Hori dela eta, are zailagoa zait orain parte meteorologikoa bete-betean konprenitzea. Hori katramila!