Espainiako Estatuak probintzien arteko mugak irekiko zituela jakin berritan, bizitza gelditu dut segundo batez eta hau da dudan argazkia: pandemiak bitan atzeratu ondotik asteburu horretan Gironan izanen zen kontzertu baterako sarrerak esku artean, azterketak asteburutik bueltan eta egin beharrekoen zerrenda amaigabea buruan... Bagoaz Gironara.
Ohartu orduko trenean gaude, asteburuko minutu bat bera ere ez desaprobetxatzeko gauzak planeatzen. Gironatik (erlatiboki) hurbil dagoen herri batean musika jaialdia dago eta nor eta Amorante jaialdiaren kartelean. “Gironara etorri eta Euskal Herriko musikari bat ikustera joatea Kataluniatik Donostiara joan eta ogia tomatearekin eskatzea bezalakoa da”, esan digu larunbateko bermuta hartzera hurbildu zaigun Jordi lagunak. Arrazoi du Jordik, baina zalantzati ibili ondotik, burugogorkeriak edo frikismoak irabazita, (gure aukera ekonomikoen gainetik arituz) auto bat alokatu dugu. Helmuga: EnCanta festibala, Roda de Ter, Bartzelona.
Amorante, Encanta jaialdian
Noiz: maiatzak 15.
NoN: Bartzelonako Roda de Ter.
Herrian barna galdurik, Amoranteren zintzarri hotsek lagundu digute txokoa topatzen. Bere kontzertuetako hasierako paseora heldu gara, esku batean tronpeta, zintzarria bestean. Jendez topera dago publikoa. Katalanez gidatu du kontzertua elgoibartarrak hasieratik eta detailea eskertu du publikoak, noski. Lehenengo kantatik erakutsi du musika tresnekin zein tresna elektronikoekin duen trebezia. Tronpeta, gitarra, harmoniuma, ahotsa eta looperra lagun. Looperra ez da jada berritzailea gurean, baina ea zenbat diren gai Amoranteren gisan erabiltzeko: azkar, trebe, zehatz.
Bilintx eta Iparragirreren izenak enegarrenez “zikindu” eta euskal jendarte tradizionalak eskuak burura eramateko modukoak bota ondotik, Eliza jarri du hankaz gora Kanposantuko banketea abestiarekin, apaiz eta apezpikuen genitalak egosiz. Presente egon dira ere Manuela eta Juliana, eta imajinatu dugu Sarrionandiak Parisko jazz klub batean gertaturikoaz idatziriko kronika, Ibanek istorioa kontatu ez ezik banda guztiaren lana egiten zuen artean. Artze, Alberdi eta Sarriren letrak bai, baina osaba Joxe Marirena ere ez da atzean geratu. Abisatu du momentu batean, zetorren kanta erdi euskaraz erdi gaztelaniaz zela eta ez zezatela pentsa zerbait ulertzen ari baziren bat-batean euskara ulertzen ari zirenik. Barreak publikoan.
Azpimarratzekoa da Amorantek musikatik harago baduela zerbait, publikoarekin harremantzeko gaitasun berezia, jendea gustura, adi eta barrezka mantentzekoa. Kontzertua bukatuta esanen nuke bere ondotik pasa diren denek eman dizkiotela eskerrak, irribarrea ahoan. Bere musika herritik, errotik eta erraietatik ateratzen omen da. Herrira eta errora ez dakit, baina erraietara heltzen da, bai.