argia.eus
INPRIMATU
Erromatarren mahai jokoa Lleidan
  • Lleidako erromatar castellum baten barruan lauki-saredun harlauza bat topatu zuten arkeologoek 2019an, "lapurraren jokoa" deitzen zioten.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko ekainaren 11
(argazkia: Puig Castellar taldea)

1970eko hamarkadan antzinako gotorleku bat topatu zuten Lleidako Biosca herritik gertu eta arrasto iberiarrak zirela pentsatu zuten. 2014an arkeologoek berriro ekin zioten aztarnategia ikertzeari eta erromatar castellum bat zela ondorioztatu zuten; aurkitutako iberierazko inskripzioek adierazten dute garnizioan bertako soldaduak ere bazirela.

2019an, eraikin baten barruan harlauza bat aurkitu zuten eta, hasieran, zoru zati bat besterik ez zela pentsatu zuten. Baina indusketa lanetan laguntzen ari zen ikasle bat konturatu zen harlauzak lauki-sarea duela zizelkatuta. Berriki baieztatu dute ludus latrunculorum edo lapurren jokoaren taula dela, aurkariaren fitxak geldiarazi eta jatean zetzan estrategia jokoarena.