argia.eus
INPRIMATU
Defendatzeaz
Castillo Suárez @casti_suarez 2021eko ekainaren 14a

Lehengoan, solasaldian, nire liburuen aurkezpenez hitz egiten bukatu genuen. Lehendabiziko liburua  aurkeztu nuenean, nirekin batera egon zen Gorka Arrese editorea. Egun horretan bertan aurkezpen bat egin nuen Etxarri Aranatzen eta Juanjo Olasagarre egon zen nire arrimuan. Ondotik etorri ziren Iban Zaldua, Jon Benito, Igor Estankona eta Beñat Sarasola. Nire liburuetako aurkezpenak egin dizkidaten guztiak gizonak izan dira, azkeneko liburuan izan ezik. Editoreak eta idazleak adostu ohi dute nor egonen den aurkezpenean eta, gezurra eman dezakeen arren, artean ez nintzen horrenbeste jabetzen zeinen garrantzitsuak ziren erabaki horiek. Horregatik beharbada, azkeneko liburuaren aurkezpenaz editorearekin hitz egiten ari nintzela emakume idazle batek —jakin batek, esan nahi dut— egin zezala proposatu nion editoreari. Berak liburua bakarrik defendatzea proposatu zidan. Eta horrela egin genuen. Defendatzea izan zen erabili zuen hitza eta aproposa iruditu zitzaidan oso. Afera ez delako gizon batek egiten ziguna emakume batek egitea, guk geuk egitea baino.