argia.eus
INPRIMATU
Kilate askoko ahotsa
Montserrat Auzmendi del Solar 2021eko ekainaren 06a
OLBEk antolatutako errezitaldia | Sonya Yoncheva (sopranoa). Antoine Palloc (pianoa) | Egitaraua: Massenet, Chopin, Txaikovsky, Dvorák, Puccini eta Bizet-en lanak | Euskalduna jauregia, Bilbo, maiatzak 15. Argazkia: OLBE.
OLBEk antolatutako errezitaldia | Sonya Yoncheva (sopranoa). Antoine Palloc (pianoa) | Egitaraua: Massenet, Chopin, Txaikovsky, Dvorák, Puccini eta Bizet-en lanak | Euskalduna jauregia, Bilbo, maiatzak 15. Argazkia: OLBE.

Egia esan, gaizki ohitzen ari gara OLBEk ekartzen dituen nazioarteko panorama operistikoko figura apartekin. Publikoa, berez zorrotza, aseezin bihurtuko da horrela eta ez du azken aldian entzuten ari garena baino boltaje gutxiagoko ahotsik onartuko.

Sonya Yonchevak OLBE on stage zikloaren barruan eskainitako emanaldia oso goxoa izan zen, aurrekoak bezala. Laburregia agian, baina nahikoa iraun zuen harmoniko ederrez beteriko ahotsa preziatzeko, erregistro guztietan oso orekatua eta dotorea.

Abeslari bulgariarra Frantziako errepertorioarekin hasi zen, Massenet-en Hérodiade eta Thaïs operen ariekin hain zuzen ere, zeintzuetan hizkuntza menderatzen zuela erakutsi zuen. Frantsesez, bokalizazioak bikaina izan behar du, hizkuntzaren sonoritate berezia ahalik eta gehien zaintzeko, eta horretan, Yonchevak ez zuen arazorik izan.

Matizazio gaitasuna Txaikovskyren Iolanta-ren aria batekin frogatua geratu zen, eta batez ere, Dvoráken Rusalka operaren Ilargirako kanta ederrarekin.

Dena den, batez ere italiar errepertorioan agertu ziren distira osoz soprano honen teknika izugarria eta arnasketaren kontrol bikaina. Abesti horietan bere ahots boteretsuaren ñabarduren aberastasunaz gozatu ahal izan genuen. Puccini oso konpositore egokia da bere ahotsarentzat eta Le Villi operaren Se come voi piccina-n, La Bohème-ren Donde lieta uscìa-n eta Madama Butterfly-ren Un bel di vedremo-n pertsonaien barruan sartzeko gaitasuna erakutsi zuen.

Programari amaiera emateko Frantziara itzuli zen: Massenet-en Manon operaren Adieu à nôtre petite table eta Bizet-en Carmen-en Habanera abestu zituen. Ondo merezitako txalo zaparrada jaso zuen.

Antoine Palloc piano-jotzailearekin batera aritu zen Yoncheva. Trebetasun osoz aritu zen laguntzaile lanetan, baina ez hainbeste abeslariari atseden emateko bakarlari gisa pieza batzuk interpretatu zituenean. Halere, musikari eraginkorra da Palloc pianista, dudarik gabe.

Yonchevak bis pare bat oparitu zizkigun: zarzuela pieza bat grazia handiz eta Pucciniren Gianni Schicchi operako O mio babbino caro aria ospetsua. Zoragarria.