argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Gero arte
Aritz Galarraga 2021eko ekainaren 01

“Nire hilerririk maiteena ez da jada existitzen”, diosku Mariana Enriquezek Alguien camina sobre tu tumba liburuan; are ez duela inoiz ikusi. Eta halere hari buruz ari da, munduan zeharreko hainbat hilerritara egindako bisitak jasotzen dituen lanean -museo batetik hilerri desagertuan egondako hezur bat lapurtzeko prozesua azaltzen baitugu; izena ere jarri zion, François-. Munduko hilerririk ederrena, nonbait, Punta Arenas, Txilen dago. Munduko hilobi-eskulturarik ederrena Bartzelonako Poblenou auzoko hilerrian. Beldurra, baina, bakar batean sentitu izan du, mordo bat bisitatu ondoren, 2019an, hain zuzen Donostian. Marko inkonparablean hiru hilerri bisitatu zituela esplikatzen digu, Ingelesena, Igeldo, eta Polloekoa; eta bi gauza aipatzen ditu euskaldunez: batetik, oso erakargarriak garela. Ondo. Bestetik, ez dutela desgrazia eta injustiziekin beldurrezko ipuinik egiten, edo egiteko gaitasunik, beste latitude batzuetan gertatzen den bezala. Eta jasotzen du Igeldoko hilerritik, Sarako elizan, antza Axularren manamenduz, kokatzen nuen esaldia: Oren guziek dute gizona -eta emakumea, noski- kolpatzen, azkenekoak du hobirat egortzen.

“Laister esango dute zuretzat / orain esaten dutena neretzat / il zan”. Hori da aitaren aldetiko aitonaren jaioterrira joan eta hilerrian ikusi nuen lehen gauza -bigarrena izan zen hilobien erdiak nire abizena daramala; beste erdia dira Sarasola-. Baina esan zuen Iñaki Segurolak: bada garaia gure hilerrietako mozkeria honekin bukatzeko, bada garaia hildakoen ahotik itsuskeria horiek kentzeko, bada garaia hildakoen bihotzetan, hildakoen ahotsetan maitasun eta esker on pixka bat jartzeko. Segurolak proposatzen zituen “ondo bizi”, “barre asko egin”, “lepo jo”, “ez izan presarik”, “bake gehitxo gauza onerako”, “ez du merezi, hemen asko aspertzen gara” eta gisakoak idaztea atarietan. Hildakoek gure hilerrietan ohikoa duten moduan agurtuko nahiz momentuz neroni: gero arte.