Maiatzaren 16an Irungo Azken Portu kiroldegian elkarretaratzea egin zuten, duela hilabete inguru Bidasoatik gertu migratzaile eritrear baten gorpua aurkitu zutela gogorarazteko. Asteburu bat geroago, manifestazioa egin dute Irun eta Hendaia artean, giza eskubideen alde, mugako bi aldeetako erakundeek deituta. Bidasoan beste migratzaile bat hil dela salatu dute, baita jendarmeek kanporatu zuten beste adingabe bat erreskatatu behar izan dela ere.
Bidasoan gertatzen ari diren heriotzak kontrolerako migrazio-politiken ondorioz gertatzen ari dira, baita politika arrazisten ondorioz ere, gerratik edo gosetik ihes egin eta haientzat eta haien familientzat bizimodu hobea bilatzen duten migratzaileak hiltzera bultzatzen dituztenak. Ez da ahaztu behar, “terrorismoaren aurkako alerta” eta “Covid-19aren pandemiagatiko alerta” aitzakia hartuta, Frantziako Estatuak de facto kontrol arrazistak egiten dizkiela mugan zuriak ez diren pertsonei, batez ere beltzei eta itxura arabiarra dutenei.
Mediterraneoa migratzaileen hilerririk handiena bihurtu bada, saia gaitezen, beste eskala batean bada ere, gure artean, Bidasoan, beste hilerri bat saihesten. Hego Euskal Herriko administrazioek, horren inguruan eskumenik ez dutela argudiatuz, ezin dute beste alde batera begiratu. Igarobidean dauden migratzaileei harrera egiteko neurriak har ditzakete eta hartu behar dituzte, migratzaileen zaurgarritasuna arintzeko. Eta, gainera, herritarren erakunde solidarioek eskatzen duten bezala, beharrezkoa da ahal den guztia egitea, behar den tokian, Europako migrazio-politikak alda daitezen eskatzeko. Horrela bakarrik saihestuko ditugu heriotza gehiago Bidasoan.