argia.eus
INPRIMATU
Pantailetako sozializazioa
“Zergatik ari zaigu gure seme edo alaba nerabea konfinamendua eskatzen?”
  • Jon Ziarsolok sexu heziketa tailerrak ematen ditu ikastetxeetan eta gogoratu du orain arte gurasoek beren seme-alaben sozializazioa sustatu dutela, harremanak, trebezia sozialak, irekitasuna... : “Orain horren guztiaren kontra goaz. Guraso eta hezitzaileok badakigu haur eta nerabeek beren garapenerako hori behar dutela, baina orain egoerak eskatuta nora bidaltzen ditugu? Bakardadera eta pantailetara. Eta askotan, hor uzten ditugu. Gaur egun sarean denetik dago. Eta denak balio du gure seme-alabentzat? Edozer gauza onartuko dugu? Pantailen aurrean daudenean ere helduen begirada behar dute”.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko maiatzaren 27a

Egun kaleak hutsik daude eta haur eta nerabe asko pantailen bidez harremantzen dira. Ziarsolok azaldu duenez, “guraso askok agertzen duten kezka da: zergatik ari zaigu gure seme edo alaba konfinamendu egoerara bueltatzeko eskatzen? Zergatik esaten du egoera horretan oso komodo eta gustura zegoela? Zenbait ikaslek halaxe esaten digute, ‘ni konfinamendu egoerara bueltatuko nintzateke’. Zergatik eskatzen du nerabe batek bakarrik egotea nahiago duela?”. Sexu hezitzaileak jarraitu du azaltzen  nerabe batek sozializazioa eta besteekin egotea behar duela, “baina horrek esfortzua eskatzen du, eta sortzen ari den gizarteak bakardadea bultzatzen du, etxean egotea ‘nahi duzuna egiten’, eta nahi duzun hori da pantaila aurrean egotea”. Egoera berrian etxean goxo geratzen ari direnak, lehendik trebezia sozial gutxi zituztenak direla azaldu du, baina zerbait aldatu dela: “Orain arte gurasoak asko arduratu dira sozializazioa bultzatzeko, kirol taldeetan izen emanaz eta abar. Orain ez, bakarrik egotera bideratzen dituzte, eta oso eroso daude”. Ikastetxeetan eta bertso eskoletan bertsolaritza irakasten duen Arozenak azaldu du egungo arauek ere eragin dutela kalera ateratzeko zailtasunean: “Familia egonkorrekoa, oinarrizko beharrak aseta dituena. Hori da arauak arau eta mugak  muga, kalean sozializatzen denaren profila. Beste batzuk online egongo dira, inoiz iritsiko ez zaion eredu bati begira. Zerk eragiten du kalean ez egotea? Hasteko, harremanetarako erraztasunak, zeren egun kalera ateratzeko koadrilla bat behar da. Orain eredua launaka edo seinaka da, beraz, zailagoa da bakarrik ateratzea herrian ezagunik ba al dabilen ikustera. Irudi aldetik konplexuak dituenak ere nahiagoko du ez atera. Nahiz dena arautua dagoen egun, batzuk plazan daude behintzat. Hor ez dagoenak kezkatzen nau ni”.

Erreportajean zehar azaldu da eskolan tentsioa bizi dutela ikasleek. Hori ere lotzen du Ziarsolok etxean geratzeko joerarekin: “Tentsio etengabean bizi dira. Ez daukate lasaitzeko momentu eta espaziorik. Eskolara joaten direnetik etxera itzultzen diren arte tentsioan daude. Asteburutan askotan etxean geratzen dira, zeren ez dute berriz ezeren jopuntu izan nahi, ez dute tentsio momentu gehiago nahi, ez dute lau edo bost doazelako norbaitek kargu hartzerik nahi... etxean egonda lasaitasuna bilatzen dute, pantailaren aurrean orduak ematea... astebukaerako edozein egunetan 8-10-12 ordu pasatzen dituzte pantaila aurrean”. Tentsioaren ondorioz, “plazera falta zaie” gehitu du sexologoak: “Ez plazer sexuala; plazera baizik. Lasaitasuna. Egotea. Partekatzea. Esperimentatzea. Pertsona berriak ezagutzea. Egoera honetan ia beti jende berarekin gaude”. Sare sozialetako harremanek hainbat gauza “falta” dituztela azaldu du: “Begirada, kontaktua, gorputz adierazpena... eta falta da gauzak poliki egitea. Sare sozialetan dena da ya, azkar”.

Bertsoa eta pantailak

“Gazteak hagitz konektatuta bizi dira: Youtube, Netflix, Disney Channel... mundu guztia dugu pantailara ekartzeko moduan. Sortzen ari garen bizitza eredua erabat globala da. Inoiz baino beharrezkoagoa iruditzen zait aisialdi bezala kultura, tradizioa, euskara lantzea” dio Arozenak. Hizkuntzaren gaiarekin jarraitu du: “Ahozkotasuna erabat galtzen ari da, esaldi batean hiru hizkuntza aditzea ez da harritzekoa egun. Eskolatutako haur batek bost ordu ingeles jasoko ditu astean, gazteleraz beste bost, eta euskaraz beste guztiak. Baina eskola bukatu eta gero, zer hizkuntza da jasotzen dutena? Gazte asko kaskoekin bizi dira, ez dituzte inguruko hizkuntza, doinuak, kantu zaharrak aditzen. Inoiz baino doinutegi eskasagoa ekartzen dute haurrek. Alde horretatik funtzio handia betetzen du bertsolaritzak, hizkuntza mailan, komunikazio mailan...”.

Beste balio hauek ere nabarmendu ditu: “Egungo bideoak segundotakoak dira eta janari mantsoa aldarrikatzen dugun bezala, bertsoa ere aktibitate mantsoa da. Ez da argiztapena, musika eta dena neurtua dagoen hogei segundoko produktu bat. Lasaitasunaren, pazientziaren, arreta mailaren eredu on bat iruditzen zait”.

Eskoletan bertsolaritza lantzeak eta herrietan bertso eskolak egoteak hainbat funtzio bete ditzake pantailen gizartean, Arozenak aldarrikatu duenez: “Haur eta gazteek ikustea badagoela hizkuntza bizi bat, gazteak horretan ari direla, saioetara jende asko doala... ikasleei hori dena adieraztea eta herrietan ahozkotasuna, trebetasun sozialak, gure kultura eta gure doinutegia transmititzeko espazio bat izatea gero eta garrantzitsuagoa iruditzen zait, kaskoen mundu honetan”.