Etxebizitzen barne antolaketan globalizazioak duen eragina aztertzeko asmoz, urte hasieran artikulu laburra argitaratu zuten Aldiri aldizkari espezializatuan Bilboko Halo Arkitektura estudioa osatzen duten Andoni Duquek (Bilbo, 1984) eta Irantzu Ibañezek (Basauri, 1987). Izenburua, Globalizazioaren doktrinamendua espazio domestikoan, eta ondorioetako bat, hauxe: etxebizitzen banaketa kapitalismoaren isla da.
Zerk bultzatu zintuzten azterketa hori egitera?
Gure lana dela-eta, guretzat oso gertuko gaia da etxebizitzen barne antolaketa. Bageneukan aurreiritzi bat: nahiko antzekoak direla guztiak. Uste genuen merkatua oso estandarizatuta dagoela. Hortik abiatuta, jolas moduko azterketa bat egin genuen. Webguneen bitartez zenbait herrialdetako etxebizitza eskaintzak begiratu genituen; bakoitzean aurkitutako lehen adibidea, betiere. Eta irizpide batzuk jarri genituen, azterketa orekatua izan zedin: bi logelako etxebizitzak izatea, terraza gabeak, eta hiriguneetan egotea. Ikusi nahi genuen ea gure inguruan nabaritzen dugun aukeren murriztasun hori mundu osoan dagoen. Edo herrialde bakoitzak oraindik bere modua duen etxebizitzaren barnea antolatzeko.
Ondorioa lehenengoa izan da, hau da, aukera murriztasuna dagoela.
Bai, guk pentsatzen genuenaren ildotik, hain zuzen. Hala ere, desberdintasun batzuk ikusi ditugu. Esaterako, norberaren higienearekin lotutako guneek tokiko izaerari eusten diote oraindik. Nahiko kontu pribatua da, gutxi agertzen da ikus-entzunezko produktuetan.
Zuen azterketaren arabera, zelakoak dira gaur egungo munduko etxebizitzak?
Eredu arrazionalistaren araberakoak: gauaren eta egunaren arteko banaketa dago, publikoaren eta pribatuaren artekoa. Eguneko guneak, publikoak, sukaldea eta egongela dira, eta gero eta bateratuago daude, baina oraindik ere sukaldea herrialde askotan itxia da. Egongelaren ondoan, baina itxia, lehen aipatu dugun higienearen kontuagatik hain zuzen (sukaldea “zikina” baita). Eta egongelan, telebista-sofa binomioa bihurtu da ardatza. Horren inguruan antolatzen dira bai sukaldea bai egongela.
Ez da planteatzen telebista gabeko etxebizitzarik, beraz...
Ez, eta gainera, telebista dagoen gunea etxearen erdigunea da. Adibidez, Euskal Herrian eraikitako etxebizitza zaharretan, orain dela 60 urtekoetan -edo, askotan ikusten da sukaldea, eta batez ere sukaldearekin lotuta zegoen jangela zirela etxebizitzaren zentroa. Horren inguruan antolatzen zen bizitza. Aukera hori dagoeneko ez da eskaintzetan agertzen, eta telebista-sofa binomioa da protagonista.
Atera duzuen ondorioa da banaketa hori kultura kapitalistaren isla dela. Zergatik?
Arkitektura bizi dugun errealitate politiko, sozial, ekonomiko eta teknologikoaren adierazle ona da. Azken batean, produktu kulturala da. Gaur egungo gizartearen produktua. Beraz, gizartearen balio eta printzipio asko agertzen ditu. Gainera, eskaintzen diren etxebizitza gehienen egileak botere ekonomikoarekin eta araudiak egiten dituzten botereekin lerrokatuta daude.
Eta zer balio bultzatzen da?
Batetik, indibidualismoa. Eskaintzen den logela motari begira oso agerikoa da hori. Beti egoten da logela nagusia, bikoitza, familiako buruentzat egindakoa (eta familiako buruek bikotea izan behar dute). Aldiz, bigarren logelak, edo hirugarrenak, askoz ere azalera txikiagoa dauka, eta guztiz bultzatzen du indibidualismoa, erabilera-unitate independentetzat hartzen baita. Baduzu lo egiteko ohea, baita ikasmahai bat eta armairu bat ere. Hortxe pasa dezakezu eguna, etxeko besteekin harremanik izateko beharrik gabe. Orain, gainera, askotan, telebista ere eduki daiteke barruan. Beraz, indibidualismoa da ezaugarrietako bat, eta hierarkia beste bat. Logela batek armairua izateak esan nahi du logela horren jabea dela armairu horren barruko gauzen jabea. Horrek zerbait zehazten du. Jabego pribatua goraipatzen da, nolabait: bakoitzak berea dauka.
Zer alternatiba dago?
Esan dugun moduan, deseraikitze prozesu bat beharko litzateke. Baina historian eta munduan badira adibideak. Alternatiba bat izan daiteke, agian, logelak lo egiteko bakarrik izatea, ohearen tamaina baino askoz handiagoak ez, eta hortik kanpo egotea etxeko kideek partekatzen duten ikasteko edo lanerako gune bat. Edo armairu bat. Izen berridun espazio berriak sor daitezke, etxeak dituen erabilera guztiak bestela antolatuta. Jolasteko guneak, eta abar.
Paradoxa bat aipatu duzue: kapitalismoaren isla izanagatik, merkatu librearen arauen aurkakoa dela eskaintza. Ez baitu aukeratzeko tarterik ematen.
Arrazoia da, gure ustez, merkatuak behin bakarrik saltzen duen produktua dela etxebizitza. Eta beharrezko produktua denez gero, eskainitakoa erosi behar du jendeak. Oso barneratuta dugu hala dela, baina ez da zaila konturatzea beste eredu batzuk badaudela. Ezagutzen ditugu etxe mota desberdinak, baina azkenean merkatuak mugatzen du hausnarketa. Ez du aukerarik ematen, eta zuk erabaki behar dituzun gauza bakarrak dira etxea non dagoen, zenbat metro karratu dituen, bi edo hiru logela dituen eta sukaldea eta egongela batera egongo diren ala ez. Besterik ez, ia.