Indarrean dagoen krisiak erdigunera ekarri du Estatuak ekonomian duen ezinbesteko zeregina. Mendebaldeko herrialde aberatsetako ongizate mailaren etorkizuna kolokan dago eta horri eusteko ere Estatuaren zeregina ezinbestekoa da. Horretarako berme nagusia zerga sistema eta egitura da eta honi buruzko eztabaida saihestezina da egungo testuinguruan. Izan ere, neoliberalismoaren itzalpean oraindik orain zergen igoerak eta, batez ere, aberatsenei zerga gehiago ordaintzeko interbentzio lerroak estigmatizatuak daude. Azkenaldian zerga egitura aldatu denean, aberatsei zama jaisteko egin da, horrek inbertsio pribatua sustatuko duelakoan. Baina ebidentzia enpirikoak erakusten du, ekuazio hori oso gutxitan suertatu dela. Alegia, aberatsenen aldeko zerga arinketek ez dute inbertsio produktiboaren igoera nabarmenik ekarri 2008ko atzeraldiaren ondoren.
"Estatuen baliabideak gero eta eskasagoak dira, herritarrentzat presio fiskala indartsua den arren aberatsenentzat gero eta apalagoa da eta honek desberdintasunen igoera indartsua dakar"
Artikuluaren goiburu bera duen liburua (Injustiziaren garaipena) argitaratu berri dute Emmanuel Saez eta Gabriel Zucman irakasleek, eta argibide ugari dakar orain arteko zerga eredua gainditzeko asmoarekin. Zorrotza eta sakona bezain praktikoa eta ausarta den lan honek egoeraren gordintasuna azaltzen du. Estatuen baliabideak gero eta eskasagoak dira, herritarrentzat presio fiskala indartsua den arren aberatsenentzat gero eta apalagoa da eta honek desberdintasunen igoera indartsua dakar.
Eskaintzen dituen datu ugarien artean, Amerikako Estatu Batuetako 1980 eta 2018 urteen arteko errenta bilakaera azpimarratzekoa da. Biztanlegoaren %90aren sarrera errealak ez dira aldatu azken 40 urtetan eta, aldiz, errenta garaiena duen %0,1arentzat bere sarrera errealak %320 igo dira. Egileek erakusten dute egoera despareko hau aberatsek gero eta zerga gutxiago ordaintzen dutelako gertatzen dela. Liburuak zehaztasun handiz erakusten du honen guztiaren arrazoia, eta zerga eredu atzerakoia mantentzeko argudio eta topiko guztiak eraisten ditu. Hala nola, zergen igoerak diru bilketa beheratzen duela edo ekintzailetza ahultzen duela errefusatzen dute eta gogora ekartzen dute, Roosevelt eta ondoren errepublikarrak beraiek, izan zirela gerra ostean diru bilketa handitzeko aberatsenei zama handitu zietenak.
Nolanahi ere, suntsitzen duten dogma nagusia ondokoa da: zama saihesteko mekanismo ugari dituztelakoan, ezinezkoa dela ezein neurri hartzea aberatsenek eta enpresa erraldoiek zergak ordain ditzaten. Aitzitik, lanak oso garbi frogatzen du ez dagoela inolako oztopo teknikorik horretarako eta giltzarria borondate politikoa dela, noski. Asko aipatzen den mantra da, Azpiazuk, Calviñok eta abarrek diotena, krisiagatik orain ez dela zergak igotzeko garaia, alegia. Bada egileek kontrakoa diote, hain justu, krisialdietan zergak handitzea beharrezkoa dela. Eisenhower presidenteak II. Mundu Gerraren ostean aberatsenek ordaintzen zuten gehiengo tipoa %91ra igo zuela ohartarazten dute. Egun, Bidenek zerga ereduaren norabide aldaketa iragartzen duen arren, Zucmanek berak zera ondorioztatzen du New York Times egunkariarentzat egindako azterketa batean: AEBetan aurreikusten diren zerga neurri berri guztiak indarrean sartuko balira ere, aberatsenen gaineko zerga presioa 90eko hamarkadaren erdian zeukaten mailaren azpian geratuko litzateke. Bada zer hobetu zerga politikan.