Kultura, musika eta errebeldia ia ezereztuta gelditu diren garai ilun hauetan, inork espero ez zuenean eta, beti bezala, guztiaren kontrara Elorrioko Iheskide taldea bueltan dator. Oztopoen aurrean igeri egitera ohituta daude taldekideak –horretara ohitzerik badago behintzat–. Aspaldiko partez pandemiaren aurreko Hatortxu Rock-en igo ziren agertokira, bai ala bai han egon behar zutelako. Eta tarte luze honetan erabaki dute berriro proba egin, elkartu eta konposatzen hastea, sentsazioak betikoak, onak, zirelako. Bada, diskoa kaleratu dute, taldeak berak, autoekoiztuta, eta zuzenekoak –neurtuta– egiten hasi. Ez dira aldatu; zertarako? Oraingoan ere apologia egin, eta bidegabekeriak eta indarkeriak salatzeko asmo irmoa dute.
Hala ere, urte hauetan taldeak izan du nolabaiteko bilakaera; hiruzpalau urte geldi egon ostean, Kata gitarra jotzaileak taldea utzi behar izan du momentuz eta hirukote moduan datoz orain. Musikari dagokionez ere, taldea ez da aldatu. Zertarako? Bere esentzia guztia hor dago. Haritz Harreguyrekin grabatu dute oraingoan ere eta argitaratu dituzten zortzi kantetan daude beti punk-rocka, Oi!-aren iraganeko isla, barreneko bizipen-emozioak, edozein bidegabekeriaren kontrako aldarria eta melodia mingarri baina itsaskorra, saihestu ezin daitekeena. Azken finean, Iheskide: “Rocka zainetan, punka izaeran eta borroka bihotzean”. Ez dago hori baino definizio hoberik.
Mezuak, beti bezala, landuak baina zuzenak, konprometituak: Tinko gurean; Hautsi moldeak, eutsi kolpeak, Atzo lagun, gaur zipaio; Maitatzea zer den ikasten askatasuna galtzen denean; Zenbat kilometro, bazirelako gara; Bake sozialaren mesedetan… Bestalde, hirukote bilakatuta, musikalki kantei lastoa kendu eta harira doaz are eta nabarmenago, abestiak azkarragoak eta zuzenagoak bilakatuz. Ahotsak eta abestien norabideak taldearen betiko marka badute ere, bada gitarra distiratsurik, Alemaniako punk-aren zantzurik, high-energy eta eskandinaviar ukiturik, zein eskola zaharreko punk iluna eta tempo erdiko pasarteak ere.