argia.eus
INPRIMATU
Hitzak
Uxue Apaolaza Larrea 2021eko maiatzaren 20a

Irudi batek ez du mila hitzek baino gehiago balio. Milatik gora hitz behar izaten dira irudi bat azaltzeko, eta hor daude liburuak, ikusten ari garena ulertarazi nahian. Baina hitzez armaturik, Twitterreko voyeur, irudi batek tripak lehertzen dizkizu. Eta ez dago justifikatuko edo arinduko duen hitzik.

"Zer irudik lehertu dizkizu zuri tripak aste honetan? Hitzak behar adierazteko. Al Aksa, Meskiten Zelaigunea, Ramadan, Jerusalem, Gaza, Palestina"

Eta sarrera horrekin, ezin jakin gainera zertaz ari naizen. Zer irudik lehertu dizkizu zuri tripak aste honetan? Hitzak behar adierazteko. Al Aksa, Meskiten Zelaigunea, Ramadan, Jerusalem, Gaza, Palestina, Israel, Polizia, kolonoak, etxegabetzeak, gobernu-eraketa, suziriak, Gantz jenerala... Odola, zerraldoak lepoan hartuta, haurrak hilda, haurrak dardarka. Eta egunarekin jarraitu behar.

Errazagoa da azken irudiei hitzak jartzea, “onartezina”, “ezin da horrela jarraitu”... Baina badaiteke, bai, noski, hitz askori sorgor egongo baikara: ura, atxilotuak (ez, bahituak), egotziak, birrinduak, ukatuak, pobretuak... Autodefentsa entzutetsurako eskubiderik gabe.

“Hamasek espero ez dituen kolpeak jasoko ditu” esan du Netanyahuk. Guk ez. Palestinarrek bai, bizirik dirauten artean (hori baita beren delitua). Baina “mundua horrelakoa da”, “auzi konplikatua da”, “hori zortea hemen jaio izana”... Hitzak.