argia.eus
INPRIMATU
Desokupa borrokatzeko irakasgaiak Herrialde Katalanetatik
David Bou 2021eko maiatzaren 21

Burgesiak, ikusten duenean botereak eskuetatik ihes egiten diola, faxismora jotzen du bere pribilegioei eusteko. Horixe gertatu da Espainian. Gobernu errepublikarrak faxistak benetan garaitu nahi izan balitu, aspaldi egin ahal izango zukeen. Horiei sakonki aurre egin beharrean, konpromisoak eta akordioak bilatu besterik ez du egin”. Adierazpen sonatu hori Buenaventura Durrutik egin zion Von Passen kazetari kanadarrari Toronto Star egunkarirako egindako elkarrizketa batean, Franco buru izan zuen 1936ko uztaileko altxamendu militarraren ondorengo egunetan, Durruti Zutabea lau mila boluntariorekin Bartzelonatik Aragoira abiatu baino pixka bat lehenago.

85 urte geroago, argi dago ezin dugula “errepublikano” izendatu Espainiako Estatuko egungo gobernua,  bere burua “historiako gobernurik aurrerakoiena” bezala aurkezten badu ere. Ezin dugu esan ere PSOE-Podemos kabinetea sendo aurre egiten ari zaionik ultraeskuindarren gorakadari. Estatu-aparatua ideia eta praktika oso erreakzionarioek bahituta jarraitzen du, edozein eraldaketa sozial aurrerakoi indargabetzeko lan egiten dutenak. Monarkia, epailetza eta estatuko segurtasun indarrak erabiltzen dituzte, baina baita bere boterea sendotu eta almiranteek eragiten duten miseriarekin negozioa egin nahi duten aliatu berriak ere.

"Desokupari aurre egiteko garatu den estrategiak hiru ardatz izan ditu: salaketak auzitegietan; haien jatorri eta praktika mafiosoen berri eman; eta auzo-antolakuntza"

Desokupa enpresa da lankidetza publiko-pribatuak bultzatutako eskubide eta askatasunen atzeraldi aro berri honen adibide nabarmenetakoa. Ertzaintzaren konplizitatearekin Abadiñoko eraikin bat desalojatuz aurkeztu da Euskal Herrian. Daniel Esteve da erakunde horretako burua. 2008an Mossoek Esteve atxilotu eta auzipetu zuten berankorrak kobratzeko enpresa baten aurkako operazio batean, legez kanpoko atxiloketa, irainak, mehatxuak eta legez kanpoko elkartea osatzea egotzita. Enpresako kideen artean arte martzialetan adituak diren pertsonak daude, eta paramilitar, diskotekako atezain edo segurtasun pribatuko agente gisa aritu direnak. Frogatuta dago gehienek loturak dituztela eskuin muturrarekin.
Oihartzun publikoa izan zuen Desokuparen lehen interbentzioa 2016ko apirileko Can Dimoniren desalojoa izan zen.

Bartzelonako Gràcia auzoko finka bat da Can Dimoni, ondare historiko gisa katalogatua eta bertan behera utzia gazte talde batek okupatzea erabaki zuen arte. Une horretatik aurrera, herri mugimenduek #StopDesokupa kanpaina aktibatu zuten enpresaren praktikak salatzeko, eta Directa-k ikerketa lan oparoa hasi zuen. Desokupari aurre egiteko garatu den estrategiak hiru ardatz izan ditu: salaketak auzitegietan (orain arte ez dute emaitzarik eman); haien jatorri eta praktika mafiosoen berri eman; eta auzo-antolakuntza, haien esku-hartze baten berri izan bezain  azkar erantzuteko.

Esperientziak argi eta garbi azaleratu ditu Desokuparen eta hainbat Polizietako kideen artean dagoen elkar hartzea. Bai eta komunikabide jakin batzuek enpresa sustatu dutela ere, okupazioaren aurkako kriminalizazio kanpainen berotasunean. Horrek guztiak beren negozio-bolumena handitzeko balio izan die. Heroitasun aura bat eraiki dute, sare sozialetan biraltasuna eta jarraitzaileen biderkatzea ekarri diena. Sistema Desokupa elikatzen ari da, baina auzotarrek brigadista garaikideen armada bat dute, auzo-sindikatuetatik behin eta berriz utzi bidea moztu diena. Hori izango da beren porrota.