argia.eus
INPRIMATU
Azkar eta agudo
Joxerra Aizpurua Sarasola 2021eko maiatzaren 21

Aitak lantegi berean eman zuen bizitza osoa. 40 urte pasatsu igaro zituen handik mugitu gabe, baina ez beti langintza berean. Lan egiteko erak, makinak, lankideak, bezeroak eta produktuak ere, ez ziren gehiegi aldatu eta planifikazioak ez ziren urtean urterako egiten, urte batzuetarako baizik. Igaro den mendeko 80. hamarkadan amaitu zen aitaren enpresa, eta berea zein milaka langileren ibilbide laborala.

Gaur egun, laneko mugikortasuna, lan prozesuen aldakortasuna eta produktuen iraungitasuna ohikoak dira gure enpresetan. Gizartea azkar ari da aldatzen, eta teknologia are azkarrago; lankideen arteko berriketetan maiz nabarmentzen dugu azkartasun horrek ez digula gauzak ongi egiten uzten, ezin dugula ezertan sakondu hobeak izateko, zerbait berria sortzen aritu behar dugula beti, eta azkar batean gainera.

"Pandemiaren aurretik teknologia asko merkatura ateratzeko zorian zeuden. Agian ez zeuden erabat osatuta eta frogatuta, baina hortxe zeuden, erabilerarako prest"

Pandemiak gauza asko eten edo moteldu ditu. Ostalaritza itxita, hegazkinak lurrean, kultura geldirik, kontsumoa motelduta, enpresa asko aldi baterako enpregu-erregulazioan eta beste asko lan telematikoan. Hortaz, etenaldia lanak hobeto antolatzeko eta gehiago ikasteko baliatu behar genuela pentsatzen genuen batzuek. Europan itxialdia agindu zenetik ia 15 hilabete joan dira, eta atzera begiratuz gero, teknologiak jauzi pentsaezinak eman dituela baieztatu dezakegu. Herrietako kultur bonoak, jateko menu interaktiboak, udaletako pleno telematikoak, ikastetxeetako ikasgaiak telematikoki etxeratzeko bidea, administrazioarekin harremana erabat digitalizatzea, eta beste kontu asko pentsaezinak ziren 2020ko otsailean eta gaur normalak dira. Zer gertatu da?

Pandemiaren aurretik teknologia asko merkatura ateratzeko zorian zeuden. Agian ez zeuden erabat osatuta eta frogatuta, baina hortxe zeuden, erabilerarako prest. Pandemiak erabat apurtu ditu mugak  eta urtegi baten hormak apurtzean urak anarkikoki isurtzen diren bezala, teknologia gure bizitzaren esparru guztietara hedatu da eta gainera, teknologia bat ezarri aurretik erabilgarritasuna eta lagunkoitasuna zaintzen baziren ere, txanda honetan alderantziz gertatu da, hots, gizakiok gure ohiturak eta usadioak moldatu behar izan ditugu teknologien esanetara.

Beraz, pandemiak gorputzaren mugimenduak moteldu baditu ere, barneko organoen funtzionamendua bizitu egin du eta lehen enpresa asko teknologia berriei jarraitzeko erdipurdi bazebilen ere, hemendik aurrera asko eta asko izango dira gorriak ikusiko dituztenak.