Itxialdi erabatekoan eta oraingo askatasuna deitzen dugun honetan egin dudan gauza produktibo bakarrenetakoa izan da liburuak ordenatzea. Konturatu naiz batzuk errepikatuta ditudala, eta ez dakidala nori oparitu, niri interesatzen zaizkidan gauzak beste batzuei interesekoak ez zaizkielakoan. Beste batzuk faltan sumatzen ditut, eta neure buruari agindu diot etorkizunean eskuzabala izaten saiatuko naizela liburuak uzteko lanbidean izan ezik. Izan ere, liburuek gero eta gutxiago irauten dute liburu dendetan, eta ateratakoan erosi ez nituen liburuak eskuratzea zaila izaten da maiz. Ez dakit zer egin hil direnek oparitu zizkidaten liburuekin. Ezin dut ahaztu noizbait norbaitek nigan pentsatu zuela liburu bat erosteko. Eta min ematen dit. Horiek herriko liburutegira eraman ditut, noizbait behartuz gero eskura izateko. Gaur egun lagunak ez ditudan horiek noizbait oparitutakoak bota egin ditut kontainer batera. Ez dut nahi inoiz bigarren eskuko denda batean aurkitu. Liburuekin ez bezala, dolu gabe galdu nahi nituzke lagunak. Eta haien arrastoak ezabatzen saiatzen naiz horregatik.