Abeslari eraginkorrak daude, kantari handiak daude eta erabateko munstroak daude, jotzen duten guztia urre bihurtzen dutenak eta pieza xume bat benetako artelan bihurtzen dutenak, talentu ikaragarriaren bidez. Azken honen erakusgarri, joan den maiatzaren 1ean Euskaldunako Auditoriumean gozagarri izan genuen abeslaria.
Bagenekien Sondra Radvanovsky estatubatuarra egungo nazioarteko sopranorik onenetakoa dela, baina Euskaldunako eszenan entzutean harrituta utzi gintuen, aurretik jartzen zitzaion oztopo musikal oro gainditzen baitzuen, munduko gauzarik sinple eta arruntena balitz bezala.
Radvanovskyk opera-musikaren etapa luze bat hartzen zuen programa zorrotza azaldu zuen. XVII. mendean Giulio Caccini-rekin hasi, belcantismotik igaro eta verismoarekin amaitu. Azken hori, verismoa, abeslariak ohiz kanpoko talentuz bere egiten du. Radvanovsky eroso egon zen une oro, bere onena emanez.
Bere ahots-emisioak sakoneraino kiskaltzen gaitu: forteetan, gorgarriak, eta aldi berean sentiberatasunez beteak, oihu arrastorik ez dutenak; baita dinamika bizkorrez osatzea atsegin duen piano flotatzaile horietan ere.
Ahotsa mendean hartzeko gaitasunari esker dramatismo ikaragarria erakusten du. Ez da gorputz-erregistroa menderatzen ez duelako, baizik eta bere kantaera bikaina nahikoa delako abestiak eskatzen duen emozio-tartea adierazteko.
Esan bezala, bikain aritu zen errepertorio osoan. Oso ziurra Giulio Cacciniren Amarilli mia bella interpretatzean, eta bokalki perfektua Glucken O, del mio dolce ardor kantan. Baina bere dramatismoa erakusten duten obretan lortzen du publikoa asaldatzea, zentzu onean, noski. Belliniren abestietan (Per pietà, bell’idol mio, La ricordanza eta Ma rendi pur contento), oso gustura abestu zuen. Agudo indartsuez gain, bere marka diren erregulazio dinamikoak agertzen hasi ziren, La ricordanza piezan bereziki ongi lortutako efektuekin. Normala denez, italiar operan duen esperientzia dela eta, zati honetan erakutsi zuen fraseatze onena.
Horretaz guztiaz gain, artista jator (programari buruzko azalpen asko eman zituen) eta oso emozional agertu zen. Malkoak ateratzen zitzaizkion gaixo duen ama gogoratzen zuenean eta Giordanoren Andrea Chénier operako La mamma morta eskaini zion.
Bis batzuk oparitu zituen, bikainak. Azpimarratuko nuke Verdiren La forza del destino-ren Pace, pace, o mio dio, baina guztiak adierazkorrak eta perfektuak, egitarauaren gainerakoak bezala.