argia.eus
INPRIMATU
Beste edozein giza talderi aitortzen diogun berbera
Sonia González @sonetska 2021eko maiatzaren 12a

Frustrazioa. Denok esperimentatzen dugun emozioa. Beharrezkoa. Beldurra, tristura eta beste emozio negatibo guztiak bezalaxe. Zelan konturatu, bestela, gure bizitzetan zerbait ondo ez dabilela? Eta humanoa da, guztiz humanoa eta uste baino ohikoagoa, frustrazioari ematen zaion erantzuna agresibitatea izatea.

Gauza jakina da honen geurezkoa den jokabide honi probetxua ateratzean datzala injustizian oinarritzen diren sistema politiko-ekonomikoen funtsetako bat. Kapitala hala babesten da, hala desbideratzen du beragandik arreta: langileak langileen kontra jarrita. Eta, faxismoaren berpizkunde honetan, balizko dianak eta etsaiak batere konplexu barik seinalatzeari ekin zaio. Izan ere, gure frustrazioak ordainarazten ditugunean, maizegi gure agresibitatea ez dugu frustrazioaren sorbururantz jaurtikitzen, erraz menderatuko dugun beste baten kontra baizik: izan emakumeok, izan migranteak, izan sexu-genero disidenteak, izan hirugarren pisuko auzokidea… egoera ahulago batean dagoen edonor jar daiteke jopuntuan.

"“Seme-alabak nireak dira eta eurekin nahi dudana egiten dut”, hori ere bada, antza, askatasun deitzen dutenaren adibidea"

Erraz irensten den bidea da hau. Humanoa, humanoegia delako, gure indarrak aldez aurretik neurtu, akordatzaka edo inkontzienteki bada ere, eta konturatzea benetako etsaia boteretsuegia dela, baita kontrako ahaleginetan hasteko ere.

Ez al da familia tradizionalaren defentsa parametro horietan ere ulertu behar? Familia tradizionala, denaren gainetik, pater familias eta honen patria potestas-en inguruan eratzen da. Etxea, gerlariak deskantsua hartzeko tokia; familia, kanpoko umiliazioei, transzendentziarik ezari eta balio zein balore faltari buelta eman ahal izateko tokia. Feminismoak ondo daki honetaz.

Honela, umeteriaren kontrako erasoak ere batere konplexu barik biderkatu dira, giza talde oso baten gizatasuna zalantzatan jartzen duten purrustada eta zakarkeriez. “Seme-alabak nireak dira eta eurekin nahi dudana egiten dut”, hori ere bada, antza, askatasun deitzen dutenaren adibidea. Okerrena da kontzeptu hau, beste batzuk ez bezala, ez dela ideia zoroa asko eta askorentzat.

Ez dut esan nahi horrelakoen kontra egiten ez denik. Inolaz ere ez. Baina pauso bat aurrera eman beharra igartzen dut faltan. Hausnarketarako, apaltasunez, utziko dudan ideia da. Azken batez, honen inguruko hausnarketek, eremu politiko eta sozialean ez ezik, eremu pertsonalean ere egin beharrekoak direlako.

Erreka haizea liburuan azaldu nuen “infantia” berbaren antzinako esanahia: “ahotsik ez daukana”. Infantea ez da hitz egiten ez dakiena, baizik eta jende aurrean hitz egiten ez duena, esateko daukana azalarazten ez duena. Ordutik hona hori ez da aldatu: ahotsa lapurtu egiten zaie umeei. Euren eskubideen alde egiten denean ere, babes eta asistentzia ikuspegitik baino ez da egiten, sekula ez ahots propioaz iritzia emateko edo jendartean aktiboki parte hartzeko. Zaila egiten zaigu beste edozein giza talderi aitortzen dioguna haurreriari ere aitortzea, bere espezifikotasun guztiekin bada ere.

Etorkizuneko hainbat arazo psikologiko sakon ere ekidingo genituzkeelakoan nago, gure haurtzaroa desmitifikatu eta bere gordintasunean gogoratuko bagenu, gure aurrekoen jokabideak, jokabide posible bakarra balira bezala errotzeari utzi eta errepikatuko ez bagenitu. Oraingo nagusi bakoitzaren barruan oraindik egon badauden iraganeko haur eta nerabeak bilatuko bagenitu, pasatutako sasoi haiek ahaztea errazagoa izan arren. Adinkeria zintzotasunez aztertuko bagenu.