argia.eus
INPRIMATU
Laguntza behar duzu?
Xabier Etxaniz Erle 2021eko maiatzaren 06a
Ernesto elefantea | Testuak eta ilustrazioak: Anthony Browne | Pamiela, 2021.

Nazioartean puntako egile dugu Anthony Browne haurrentzako album arloan. Bere hainbat lan euskaraturik daude gure irakurleen pozerako. Hor daude Basoan barrena, Osteratxo bat parkean, Kezkamuxelak edo Gorila bat, adibidez. Oraingoan, berriz, nazioartean beste hizkuntzekin batera argitaratuta, Ernesto elefantea dugu Manu Lopezen itzulpenari esker.

Egileak, ohi duen bezala, testuarekin eta ilustrazioarekin jokatzen du transmititu nahi duen mezua helarazteko. Horrela, hitzekin batera irudia ere “irakurtzera” bultzatzen gaitu.

“Ernesto bere amatxorekin eta taldeko besteekin bizi zen. Egunero ibili eta jan eta edan egiten zuten. Gauez, lo egiten zuten”. Esaldi horrek ematen dio hasiera liburuari, baina esaldiarekin batera elefante talde baten irudia ikus dezakegu, basamortu antzeko inguru batean elefante handiena ilara hasieran eta amaieran txiki bat. Txiki hori izango da hurrengo irudian irakurleari begira dagoen bakarra. Eta elefante txiki horren istorioa kontatzen zaigu liburuan; nola jakin-minak bultzatuta oihana ezagutu nahi izan zuen eta bertan galdu. Laguntza eskatu eta inork ez ziola kasurik egiten harik eta sagu txiki batek “Laguntza behar duzu?” galdetu arte. Ernestok hasieran ezetz erantzuten dio, baina sagu txiki horri esker lortuko du, azkenean, amaren ondora itzultzea.

Anthony Browneren liburuetan ederki islatzen da transmititu nahi den mezua testuaren eta irudiaren tonuek bat eginez, baina horrez gain egileak sarritan jolas egiten du irudiekin. Eta kasu honetan oihana da egilearen jolastokia. Oihanetik kanpoko lekua sikua, lehorra, kolore gutxikoa da; oihana, aldiz, kolorez beteriko espazioa, eta kolore bizitasun horretan naturakoak ez diren koloretako hainbat eta hainbat objektu ageri dira (pilota, gozokiak, marrubi erraldoiak, zintzilik dagoen arropa…) irakurlearen irribarrea sorraraziz, liburu zoragarri honetan.

Irakurleak ikus dezakeen moduan, alegia ezagunen antza du liburu honen argumentuak. Gorilari, lehoiari, hipopotamoari edo krokodiloari laguntza eskatu ondoren, eta hauen ezezkoa edo erantzun eza jaso ondoren, nola sagu txiki batek konpontzen dion arazoa elefante-kumeari. Hots, txiki eta ahulak ere lagundu ahal diola bera baino handiagoa eta indartsuagoa denari.