2020ko udazkenean gertaera tragiko bat gertatu zen: zutabe hauek sinatzen dituenak 40 urte bete zituen –zeozer aurreratu nuen, herabe, 40 urteak bete aurretik egin beharreko gauzen zerrendarekin; eta zin degizuet 40ak bete ondoren ez dudala zerrenda horretako gauza bakar bat ere egin, zutabe friboloak idazteaz aparte–. Pentsa zenbateraino izan zen tragiko, ezen ez bainaiz horri buruz idaztera ausartu urte erdi pasa den arte. Eta tragikoa izan da, ez hainbeste maila pertsonalean, nahiko ondo erori zaizkit 40 urteak, are pixka batean gaztetu ere egin naiz –pentsa, bizikleta estatiko bat erosi dut–; ezpada maila biologikoan. Estatistikak-eta begiratuta, gizabanakoaren bizitzaren batez bestekoa 80 urteen bueltan kokatzen dute gaur egun, gizonezkoengan beti lehentxeago –zalantzarik ez daukat: maskulinitate kaltegarri baten ondorioz; ea ideia noizbait garatzen dudan–. 40 urteak lirateke, beraz, bizitzaren erdia, edo erdigunea, batzuek deitzen diote bizitzaren floria: adin bat non lortuko zenukeen ezaugarri positibo guztien oreka –jakinduria, egonarria– eta ezaugarri negatiboen nolabaiteko absentzia –gero eta ohikoagoak diren ajeak gorabehera–. Nik nahiago dut erabili “adin ertaina”, aseptikoagoa, distintzio ukitu bat emateaz gain, hobekien lotzen baitzaio nire izaerari. Dena delakoarekin, Stefan Zweigek idatzi zuen bizitzaren lehen erdia dela igoera, eta bigarrena jaitsiera. Presta gaitezen, hartara, datorkigunerako.
Eta, tira, horiek buruan dituzula, irakurtzen duzu Judith Butler, doluaz esaten dituenak: dolua egiten dela jasan dugun galerak betirako aldatu gaituela onartzen denean; bizitza gisa kontsideratua izateko bizitza horren dolua egin behar dela; eta bizitza guztiek merezi dutela dolu bat, ez dagoela dolurik merezi ez duen bizitzarik. Nire bizitzaren lehen erdiaren dolua egin dudala esango nuke, orduan; eta orain aurretik daukadan perspektiba egiten zaidala osotoro erakargarria.