argia.eus
INPRIMATU
Bihozkaden tempoak
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko maiatzaren 06a
Damurik ez, bihotza aske | The Potes | Mauka.

Arrasateko zazpikoteak kanta propioz –guztiak– osatutako bigarren lan luzea prestatu eta kaleratu du pandemia betean. Disko honen sortze prozesuaren hasieran, etena egin zuten Debagoieneko merkatari, ostalari eta zerbitzuen eskaintzaileei merezitako elkartasuna adierazteko asmoz; Negu Gorriak taldearen Gora Herria kanta birmoldatu eta Gora herrixa, eutsi merkataritza bertsio hunkigarria plazaratu zuten. Horren ostean, buru-belarri jarri ziren hemen aurkezten dituzten hamabi kantak lantzen. Jakina den bezala, asko izan dira zailtasunak eta oztopoak, baina era berean denbora gehiago hartu dute kantak mimatzeko eta borobiltzeko; hain zuzen ere, oraingoan tematu dira tempo lasaiagoak lantzen eta detaileak batuz kantak beste era batean beratu dituzte.

Atzera eginez, gogoratu dezagun taldea sortu zutela punketik eta Oi!tik zetozen hainbat lagunek The Pogues eta enparauak gogoratu eta ondo pasatzeko. Aurreikusi gabeko erantzuna jaso zuten, baina 2019ra arte ez zuten kanta propioez osatutako lehen diskoa osatu. Lan horrek, Ametsak dira egi erabat bete aurretik, The Clash eta folk irlandarra oso presente ditu.

Bigarren disko hau, esan bezala, pausatuagoa da, nahiz eta indartsu abiarazi: Parez pare eta Ametsen bidean punk-rock eta folkaren arteko ijito-ezkontza ospakizunak dira. Hasi gaitezen berriro tradiziozko eta tabernako Dubliners-en sasikumea. Sustrairik gabe Oktoberfest-en erditutako punk-rock melodikoa, ederra. Moraletika 77ko punkarekin abiatu, baina tempo erdian pausatzen da. Amonaren lentejak-ek kutsu ganberroa, malenkonia, The Clash, folk bizia eta pasarte rockeroak batzen ditu, The Potes-en marka dauka. Galtzaileak (punk) rockeroagoa da eta Oi! leloak ditu. Pozoitutako kezkak, balada folk sentikorra. Umetako jolasak gitarra rockero gardena da eta Sandinista-k tempoen nostalgia dakar. Tik-tak rocka, punka, popa eta ska dastatzea da. Zein bakarrik zauden teklatuek blaitutako punk-folka. Eta, azkenik, Musikaren magia gogoz egiten dutena ospatzeko irlandar folk zelta bizi-bizia.