argia.eus
INPRIMATU
Umetokian, berriz
  • Erresilientzia, egunerokotasuna, sena, autonomia, nekea, ausardia, bereizketa, estresa, irakaspena, indarra, gorputza, erabakiak, bizitza sozialaren disfuntzioa, esku zimurtuak, laztantzen duten eskuak, hezten duten eskuak, babesten duten eskuak. Minez erditu behar al gara? Bakardadea, pazientzia, abortua. Ez gara ikusezinak. Ez gara ikusezinak. Ez gara ikusezinak". Hori dena eta gehiago entzuten da Iruñeko Ziudadelako Labea erakusketa aretoko etenik gabeko audioan.

Amets Aranguren Arrieta @ametsaranguren 2021eko apirilaren 20a
Argazkia: Amets ArangurenArgazkia: Amets Aranguren

Zer da zuretzat amatasuna? Erantzunak biltzen ditu Irene Cabañas artista iruindarraren Tribu lanak, audioz eta idatziz. 32 eta 85 urte arteko bederatzi emakumezko amen testigantzak jaso ditu Cabañasek eta bere jardun artistikoarekin uztartuz osatu du maiatzaren 16ra bitarte ikusgai egonen den erakusketa. Bere tribu-an (familian) ama diren emakumezkoak dira protagonista proiektuan. Denek erantzun diote aipaturiko galderari eta idatzizko erantzun bakoitzaren ondoan, haien eskuak daude modu ezin errealistagoan eginiko eskulturetan.

Tribu erakusketa
Noiz: maiatzaren 16ra arte
Non: Iruñeko Ziudadelako Labean

Ziudadelako Labea erakusketa aretoa borobila da, txikia, “umetokia bezalakoa", dio Irenek. Labearenak ere badu zentzua orduan. Kronologikoki daude ordenaturik, paretetan zintzilik, bederatzi amen testigantzak; ezkerretik eskuinera zaharrenarenetik gazteenarenera. Gazteenaren testigantzatik hasi gara gu. Imajinatzen dut zeharo aldatuko dela bisita ama izanez gero, eta desberdin ulertuko direla gauza asko. Baita adinaren arabera ere.

Zenbat erantzun galdera berarentzat. Bizitzan emakume izanda betebehar gisa bizi izan dute amatasuna batzuek, beste batzuek suertatu zaien zerbait bezala eta damutik hurbil sentitu izan dira beste zenbait. Amatasunaren idealizazioa presente xamar dugun honetan, gero eta gehiago dira esperientziaren aurpegi latzenak erakusten dituzten amak, gero eta gehiago esaten dira orain arte esan ezin zirenak, gero eta gardenagoak dira testigantzak. Eragina du horrek guztiak ama direnengan, are gehiago, agian, ez garenongan.

Edertasunez beteriko aretoa ikusi dut nik eta jende guztiarendako ederra izanen zela pentsatu dut. Emakumezko bat sartu da orduan aretoan, haur txiki bat eskutik helduta. Emakumezkoa Mendebaldeko ezaugarri fisikoekin, haurra ekialdekoekin. Aretoari gainbegirada bota eta “uff ez, nik hau ez…” esan ondotik atera dira biak. Eta eskailera pare bat jaitsi dut nik ere idealizazioaren hodeitik. Labe denak ez dira opiletarako.

Interesgarriak izan dira testigantza denak eta aitortzekoa ausardia. Esaldi batzuk eraman ditut garunean tatuaturik, bat letra larriz: “Amatasunaz… konpentsatzen duela esaten dizute: gezurra”.