argia.eus
INPRIMATU
Kuir
June Fernández 2021eko apirilaren 20a

Feminista bakartia izan nintzen 22 urte bete arte. Martxoak 8ko manifestaziora bakarrik joan nintzen. Irakurri nituen lehen obra feministak nire aitaren neskalagunen apalategitik hartutakoak ziren. Kazetaritza ikasketak bukatu eta blog bat sortu nuenean, Euskal Herriko blogosfera feminista deskubritu nuen, eta hori izan zen nire sarbidea mugimendura. Medeak taldearen blogak bereziki deitu zuen nire arreta, izan ere, haien diskurtso erradikala, estetika apurtzailea eta jarrera gozagarria zeharo erakargarriak suertatu zitzaizkidan. 2008an Portugaleten egin ziren Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan eman zuten drag king tailerrak liluratu ninduen eta urte horretan ere Artelekun egindako FeminismoPornoPunk jaialdian parte hartu nuen.

Han ezagutu nituen Itziar Ziga idazlea, Paul B. Preciado pentsalaria eta Diana J. Torres performerra, eta haien liburuekin osatu nuen nire liburutegi feminista. Erreferente horiek nire pentsaeran eragin handia izan zuten, besteak beste, prostituzioaren eta pornoaren eztabaidan. Generoa performance hutsa dela ikasteak feminitate normatiboa deseraikitzen lagundu zidan. Aldi berean, heteroarauaz askatzeko, nire irrika lesbikoak esploratzeko eta bollera politikoa bilakatzeko urratsak ematera bultzatu ninduten.

"Biziki tristetzen nau azken boladan kuir behin eta berriro erdeinuz erabiltzen dela ikusteak, ez bakarrik eskuineko hedabide eta foroetan"

Garai hartan Bizkaiko SOS Arrazakerian militatzen nuen eta nire kideekin 2009an Granadan ospatu ziren Espainiar Estatuko Jardunaldi Feministetara joan ginen. Han hainbat talde eta norbanakok (Medeak, Itziar Ziga, MDMA, Garaipen, EHGAM, Aitzole Araneta, 7menos20 eta Bizigay barne) “Manifiesto para la insurrección transfeminista” (“Matxinada transfeministarako manifestua”) egitasmoa aurkeztu zuten. Emakume singularretik at dauden subjektu politikoen arteko alianza aldarrikatu zuen: bollerak, transak, etorkinak, zapia daramaten andrak, sexu langileak, eta abar. Transfeminismoak kuir mugimendua, feminismoa eta antiarrazismoa uztartu zituen eta bat egin nuen.

Esango nuke gure autobiografia feministek arbitrariotasun puntu bat dutela. Feminismora hiru urte lehenago heldu izan banintz, akaso Euskal Herriko Bilgune Feminista izango litzateke nire eskola, eta bost urte ondoren, FeminstAlde. Agian nire pentsaera oso bestelakoa litzateke Bizkaiko Emakume Asanbladako atea jotzera ausartu izan banintz edo feminismo marxistari buruzko kongresu batera joateko parada izan banu.

Horregatik ez dut ulertzen korronteen arteko norgehiagoka. Eta biziki tristetzen nau azken boladan kuir behin eta berriro erdeinuz erabiltzen dela ikusteak, ez bakarrik eskuineko hedabide eta foroetan baizik eta feminista transfobo baztertzaileen ahoetan ere. Asmakizun intelektual neoliberal ulertezinaren parodiaren aurrean, sistemaren bazterretatik sortutako erresistentzia antipatriarkal eta antikapitalista dela azpimarratu nahiko nuke.

Genero ariketak liburuan, Amaia Alvarez Uriak gogoratzen du queer ingelesez gay eta lesbianen kontrako irain izatetik (arraro esan nahi du) sexualki normatiboak ez direnek berjabetzera pasa zela. “Hemendik sortu zen queer teoria, kultura edo mugimendua deritzona, heteronormatibitatea salatzeko espazio politiko bat, identitate transgresoreen aldeko ekimena”. Coco Riot artistaren esanetan, kuir “normalak izaten saiatzean porrot egiten dugunon arteko saretzea da, alegia, arau hiltzaile bati diziplinatuta gaudenen arteko saretzea”.

Kuirra harrotasunean datza, eta ni feminismora kuirretik heldu izanaz harro nago.