argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Bidasoan behera
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2021eko apirilaren 20a

Noiz edo noiz gertatu izan zait, liburu bat irakurri eta, kontxo, liburu hau nik idatzi nahiko nukeen pentsatzea; dela gaiagatik, dela testuaren mailagatik –ez gutxitan biengatik–. Liburu baten aurrean inbidia sentitzea, alegia; noski sanoa –inbidia sanoa, oximoron handiagorik ez dut ezagutzen–. Horixe bera gertatu zait Eneko Aizpuruaren Bidasoan gora liburua irakurtzean, kontxo, halako gertutasun bat sentitu dudala, hainbesterainokoa, non Aizpuruaren larruan, eta bereziki luman, egotea desiratu dudan.

Estrabon, Ptolomeo, Plinio mintzatu ziren Bidasoaz, pentsalari eta idazle atzerritarrak, euskal poeta eta bardoak. Aizpurua mintzo da orain, eta nola. Txingudiko paduretan hasi, Xorroxingo iturrian buka, ibai ertzetik, Claudio Magrisek Danubiorekin egin moduan. Galderak pausatuz etengabe –“Zer dago mapa ofizial koloretsuen atzealde ilunean?”–, kontu ezin interesgarriagoak hunkituz –paisaia, deserria–, erreferentzia zukutsuak erabiliz –Sebald, Antoñana–. Ez bertan goxo –“Egun erromesaldi politiko-turistiko jendetsuen helmuga dira bazter hauek”–, bai osotoro literario –“Ibaia mintzo da haren eztarri urratutik”–. Kalitate handiko orrialdeak, ez aski ohikoak gurean, estilo zaindu, iradokitzaile batean. “Begien bistan eduki arren ikusgarri ez dena erakustea da literaturaren zereginetako bat”, izan ere. Nahiz azkenerako, iturburura iristean, zer aurkituko eta “hutsune handi bat besterik ez”.

Laburtuz, inbidia sentitu dudala, ez batere sanoa, eta ibaiarekiko esperientzia propioa kontatzeko gogoa. Azken batean, idazten ditugun gauza guztiak ez ote dira sartzen elkarrizketan aurretik idatzi diren gauza guztiekin? Edo, ez dadin plagio susmorik heda, egin nezake Bidasoan behera. Zalantzarik balego, Aizpuruak berak luzatzen digu gonbidapena: “Etorriko dira kimu berriak Xorroxingo putzu sakon honetan erantzun edo ziurtasunen bat baden edo ez galdezka”.