argia.eus
INPRIMATU
Zer nahi dugun
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2021eko apirilaren 15

2021eko urtarrilean, Barbara Stiegler filosofoak eskuorri bat argitaratu du Gallimard argitaletxean, Tracts sailean: De la démocratie en pandémie, edo Demokraziaz izurrite garaian. Bordeleko unibertsitatean irakasle da Barbara Stiegler, eta jakintza alor ezberdinetako jendearekin lan egiten du. Eskuorri hori, osasun publikoan, ospitale praktiketan, hizkuntzalaritzan, eskubide publikoan, filosofia politikoan, zientzietako filosofian eta historia politikoan adituak diren lankideekin idatzi du.

Liburutto horren tesia da COVID-19a ez dela pandemia, baizik eta “sindemia”, erran nahi baitu ezberdintasun sozialek eta krisi ekologikoak eragin eritasuna. Horrela ikusiz, COVID-19a ez da izugarria berez: izugarria da argiki erakusten digulako zein heinetaraino gaizki doazen gizakia eta gizartea, bai osasun fisikoaren aldetik, bai osasun psikologoaren aldetik, bai sanotasun intelektualaren aldetik.

"Erregimen autoritario bat desiratzen ote dugu? Ala demokrazian bizi nahi dugu, egiazko demokrazian, diot"

Alabaina, COVID-19ak agerian uzten du zein hedatuak diren eritasun kronikoak (hipertentsioa, obesitatea, diabetesa, gaitz kardiobaskularrak, hatsari lotutakoak, minbizia); norbanakoak zein ahulduak gauden ere moralki, lan baldintzek errausten gaituztelako; zein heineko prekaritate mental, afektibo eta materialean dauden jendarteko pertsona gehienak.
Gehiago dena, COVID-19 sindemiak denen bistara erakustera eman du gobernatzaileen jakitate eskasa, ausarki moldatzeko eta egokitzeko gaitasun eskasa, asmamen falta, jendarteari begira duten erdeinua, hots, hautatzen duten postura autoritarioak ezin ezkuta ditzakeen makurrak.

Bizkitartean, ez da oldar uhin handirik hautematen bazterretan: COVID-19aren kontrako gerlan sartua da gizartea, agintarien manupean, covida pandemia balitz bezala. Berriki, Emmanuel Macronek inposatu digu laugarren hetsaldia, galdeginez tele-hezkuntzara jo dezagun gure haurrendako, eta guhaur telelanean ari gaitezen; bestela erranda, munduko sistema ekonomikoa etenik gabe aitzinaraz dezagun, hiztegi eta praktika berrituekin. COVID-19 sindemia gisa hartuz, alderantziz, ohar gaitezke izurriari kontra egiteko modu iraunkorrena sistema ekonomiko eta politikoz aldatzea litzatekeela, hainbat elkarte eta erakundek aldarrikatu bezala.

Baina aldaketa hori, zenbatek nahiko luke, zinez? Goxo da arduradunei eskaintzea erabakitzeko erantzukizuna, eta manukor gelditzea, klima aldaketa, zuzentasun soziala, oinarrizko eskubideen defentsa eta horrelako xedeen alde egiazki ekin gabe. Begira nolako erronkak dauzkagun: gure antolaketa ekonomiko osoa kanbiatu beharko genuke, hiritartasun baloreak birdefinitu, gure jakitateak dudan ezarri eta ikasketetara berritzuli... eta ezin erran horrelako indar kolektiboak salbamena lekarkigukeela.

Hauxe dateke galdera, beraz: erraztasunez edo etsipenez, erregimen autoritario bat desiratzen ote dugu? Ala demokrazian bizi nahi dugu, egiazko demokrazian, diot, horrek eskatzen duen funtsezko eztabaida giroarekin, eta gizarte maila guzietan? Galdera egokiak egiteko gaitasuna, benetako jakitatea eta norabideak finkatzea elkarreraginean baizik ez daitezke eraiki, dio Barbara Stieglerrek, ez autoritarismo hutsal eta itsuan.

Laugarren etxe zokoratze hau gurutze bide bukaezin bateko urrats berria irudituko zaio frankori, nola ez. Ea, tartean, laguntzen gaituen, bakoitza, guretzat eta gizartearentzat zer nahi dugun argiago izaten, ideologia eta praktika autoritario guzietatik at.