Inoiz inon aitortu dudala uste dut, baina Santiago Alba Ricok beti esaten dizkit gauzatxoak. Ados egon zein ez, eskertzen diot nagoen lekutik harago eramateko ahalegina. Azkena publikatu du liburu bat, España –zeina etxetik kanpo irakurtzeak lotsa pixka bat eman didan, hain da deigarria azal gorri-horika–. Eta, gaiak hunkitzen bainau, eskergarria egin zait Espainia den zera hori modu konplexu batean pentsatzeko saiakera. Gaiak hunkitzen bainau; ezen, hegoaldekook, zer egingo zaio, frantses izan gintezkeen adibidez, baina gaizki konkistatu gintuzten.
Kontu asko aletzen dira bertan; ideia batek zeharkatzen du liburu osoa: Espainiaz daukagun irudia Espainiaren irudi posibleen arteko bat dela, liburuetan, baina batez ere jendearen kontzientzietan txertatuta geratu den irudi ofizial hori. Adibide bat litzateke Birkonkista izenarekin ezagutzen den moriskoen jazarpena, zeina, suhartasun katoliko-inperiala alde batera uzten bada, kasta arteko gerra zibil bat izan zen egiazki; alegia, birkonkista gisa saldu diguten hori gehiago izan zela konkista bat, zortzi mendez “espainiar” izan ziren “arabiarren” kanporatzea ekarri zuena. Eta kanporatzea gauzatu zuten katolikoek, noski, eta katolikoak ziren denak, gaztelarrak, baiki, baina baita valentziar, aragoiar, galiziar, katalanak ere, zer esanik ez nafarrak. Azkenean, uste duguna baino berdinagoak baikara batzuok eta besteak: “Katalanak eta euskaldunak Espainiatik independizatuko balira (…) espainiar izateari utziko liokete termino politiko-juridikoetan, baina mendeak beharko lituzkete elkargune kultural guztiak desegiteko”.
Nik, ez bereziki espainiar, ez bereziki euskaldun naizen honek –frantses nahiko nuke, baina ezin–, beste Espainia bat posible dela uste dut fermuki –beste Euskal Herri bat posible den bezala–. Are beste Espainia bat irudikatzea litzatekeela on, osasuntsu, desiragarri; espainiar direnentzat, lehenik, baina baita Espainiak derrigorrez hunkitzen dituen guztientzat ere.