Gure ikuspegiaren gakoak orain dela zortzi urteko artikulu batean laburbiltzen saiatu ginen (Gara, 2013-06-16), eta gaur egun ere haiei eusten diegu, baina oraingoan, gure ustez, jende asko, baita errealitatea errotik eraldatu nahi dutenak ere, eztabaida gaizki bideratzera eramaten duen gai bati buruz jardun nahi dugu; izan ere, Poliziaren gaiari heltzean errotik aldatzeko behar hori ahaztu egiten dutela dirudi, eta eztabaida balizko Polizia-ereduen inguruan oinarritzen dute. Ezin hobeto laburbiltzen zuen Joseba Alvarezek duela gutxi hedabide honetan bertan (ARGIA, 2021-03-08): “Arazoa ez da Polizia, arazoa sistema da. Sistema honetan bestelako Polizia eredurik ez dago.”
Ez da kontu makala: izan daitezkeen polizia-ereduei ekiten badiegu, zeharka bada ere, onartzen dugu ezinbestean polizia behar dela. Eta hori ez zaigu gertatzen militarrez ari garenean, militarrak eta Poliziak txanpon beraren bi aldeak badira ere: herrien aurkako “legezko indarkeriaren” monopolioarena, dela mugetatik kanpo, dela gure kale eta plazetan. Eta “legezko indarkeria” horren monopolioaren inguruan jorratzen dira Polizia-ereduei buruzko eztabaida faltsu horren oinarrizko gai batzuk: nork, zertarako eta noren aurka sortu zituen Poliziak, eta gero aparatua garatu? Nork, zertarako eta noren aurka aritzeko eman zien indarkeriaren monopolio hori? Nola, nork eta zer ideologia- eta antolaketa-parametrotatik trebatzen ditu indarkeria hori gauzatzeko? Nork armatzen ditu eta ematen dizkie era guztietako baliabide errepresiboak eta kontrol-metodoak? Zergatik eman zaie Poliziei aginte-maila? Nork zaintzen ditu polizien interesak eta ezkutuan egindako gehiegikeriak?… Egoera hori izaten da, itxurakeria eta hitz-jokoak gorabehera, gobernatzen duena gobernatzen duela. Kataluniako Polizia Eskolako zuzendari izandako Amadeu Recasensen hitzetan, Polizia-aparatua “une jakin batean (beti arrazoi ekonomiko, historiko, sozialetan… oinarrituta) klase nagusiek duten kontrol-tresnetako bat da. Eta hori erabilita euren botere ekonomikoa eta gobernatzeko modua inposatzen diete euren botere guneko menpeko gizataldeari.”
"Gero eta ugariagoak dira auzolanetik sortutako ekimenetan populazioen segurtasuna lantzeko beste modu horien alde ari diren esperientziak"
Gainerakoan, orain dela zortzi urte adierazi bezala, geureari eusten diogu: jakina, badaude beste aukera batzuk segurtasunari heltzeko. Baina ez Polizia guztien oinarri den herritarren segurtasuna abiapuntu hartuta, baizik eta giza-segurtasunean oinarrituta (eta horren barruan osasun integrala; naturarekiko errespetua eta kontserbazioa; bizitza duinerako oinarrizko baliabideak; sexuagatiko, arrazagatiko, ideologiagatiko edo sinesmenagatiko diskriminaziorik eza…). Gero eta ugariagoak dira auzolanetik sortutako ekimenetan populazioen segurtasuna lantzeko beste modu horien alde ari diren egungo esperientziak (bereziki Latinoamerikako komunitate indigena batzuetan; honetan ere badugu zer ikasi!), erantzun irudimentsu bezain zentzudunak emanez indarkeria sexistari, interes ekonomiko espekulatibo eta espoliatzaileen jazarpenari edo delinkuentzia mafioso antolatua bezalako gai larriei. Horiek bai, horiek dira Poliziaren abolizioaren aldeko apustua indartzeko premiaz jorratu beharreko ikaskuntzak eta eztabaidak.
Hamarkada batzuetatik hona kantutegi herrikoiak ere erantzun izan die aipatu galderei, esaterako Vómitoren Fuerzas de Seguridad, eta La Pollaren Era un hombre abestien bidez. Erantzun bera eman zaie urteetan ACAB (All Cops Are Bastards) leloarekin pareta, kamiseta, pegata eta afixetan. Orain Gasteizko Udalak kriminalizatu nahi duen mezua, tokiko egokitzapen batean (All Pitufos Are Bastard) bistakoa dena esateagatik: Polizia guztiak –pitufo-ak ere bai– sasikoak edo bastartak dira –eutsi, Guztiok gara Gargamel–; izan ere, hizkuntzaren Espainiako Errege Akademiak (RAE) berak honela definitzen du: “Jatorritik edo izaeratik degeneratu dena edo alde egiten duena”. Kasu honetan, herritik. Komeni da ez ahaztea; erantzun horiek argi edukita jakingo baitugu zer espero daitekeen edozein Poliziarengandik, edozein direla eredua eta osatzen dutenen klase soziala, ematen duten botoa ematen dutela.