argia.eus
INPRIMATU
Kritikaren komunitateaz
Ibai Atutxa OrdeƱana 2021eko abenduaren 17a
Babel aurretik | Egilea: Joseba Gabilondo | Itzultzailea: Amaia Apalauza Ollo | Txalaparta, 2020.

Bi ekarpen egin zaizkit bereziki zirraragarriak Joseba Gabilondoren azken liburuan. Izan ere, iruditu zait egungo eztabaida kritikoekin aurrera egiten lagun dezaketela.

Bata. Babel aurretik-ek ahalbidetzen du euskararen diglosia pentsatzea modernitate goiztiarreko berrantolatze kapitalistaren baitan. Hortaz, Silvia Federicik feminismotik eta Cedric Robinsonek arrazaren teoria kritikotik egin antzera jarduten du. Hau da, Marxen Kapitala euskal kokagunetik eguneratzen hastea egiten du posible. Gatazkak eta matxinadak txirikordatzeari ekin nahi diogun honetan, hortik tira egitea izan daiteke klabeetako bat.

 Bestea. Materia Vasconica kontzeptuak Edward Said pentsalari palestinar-estatubatuarraren Orientalismo terminoaren eran funtzionatzen du, baina gurera ekarrita. Hau da, euskal diferentziari buruzko diskurtso multzoari erantzuten dio kontzeptuak. Jatorri, inperialismo, fede, modernitate, etnizismo eta exotismoek, denek ala denek era soinubakar zein kakofonoetan osatu dute gu-aren esangura gatazkatsua. Gabilondok Materia Vasconica birpentsatzea proposatzen digu.

Liburuan noski, beste ideia interesgarri asko daude. Adibidez, autoreak postnazionalismoaz dihardu baita Babel aurretik-en ere. 90eko hamarkadatik hona lantzen aritu den kontzeptua izanik, jadanik aski eztabaidatuta egon beharko lukeela iruditu zait eta ez da hala izan. Pixka bat historizatzeak merezi du.

80ko hamarkadaren bukaeran eta 90eko hamarkadan zehar lan fundatzaileak argitaratu zituzten literatur kritikarien belaunaldiaren parte da Gabilondo. Belaunaldikideek lanak batez ere gazteleraz argitaratu zituzten; Gabilondok, batez ere, ingelesez.

elaunaldikideek Euskal Herriko Unibertsitateko botereguneak hartu zituzten; Gabilondok berriz, 2006ra arte itxaron behar izan zuen lana euskarara itzulita argitaratzeko. Kokagune estrategikoa beste bat zen: AEBetako akademia.

Posible da oker egotea, baina elkarrekin gutxi eraiki zuen belaunaldia iruditzen zait hura. Izango ote gara gai behingoz eztabaida kritikorako komunitatea sortzeko.