Guztiok ditugu barnean iltzaturik geratu zaizkigun irudiak. Nik erredakzio bat lehen aldiz zapaldu nuenekoa, horietako bat. Unibertsitateko bigarren kurtsoa amaitu berria nintzen. Profesioaren teoriatik benetako kazetaritzara salto egin nahian, udako praktikak eskatu nituen egunkari batean. Hura poza nirea baiezkoa jasotzean!
Uztail hasierako arratsalde bat zen. Egunkarira heldu, eskaileretan gora hasi eta idazmakinen kontzertua sentitzen hasi nintzen, gero eta ozenago salako atera hurbildu ahala. Barnean sartzean, erredakzio zaharren beste ezaugarriarekin egin nuen topo: zigarro-usaina eta gela osoa hartzen zuen ke-hodei trinkoa. Txunditurik gelditu eta han bizi nahi nuela pentsatu nuen. Kazetari bizi, kazetaritza bizi. Pagotxa handiagorik, nekez.
Idazmakinen doinuak eta ke usainak gutxi iraun zuten. Lehenbizikoa gaurko talaiatik historiaurrekoak diruditen ordenagailuek desagerrarazi zuten. Bestea, berriz, toki itxietan erretzeko debekuak.
"Belaunaldien arteko arrakala handia sortu da kontsumo ohituretan: paperezko prentsa irakurri eta irrati eta telebista zuzenean ikus-entzuten baduzu, berrogei urtetik gorakoa zaren seinale"
Ordurako, erredakzioak ez ezik, kazetaritza bera ere aldatzen hasia zen, teknologia berrien esanetara. Geroztik, azkartu besterik ez da egin bilakaera. Horren ondorioz, belaunaldien arteko arrakala handia sortu da kontsumo ohituretan: paperezko prentsa irakurri eta irrati eta telebista zuzenean ikus-entzuten baduzu, berrogei urtetik gorakoa zaren seinale. Etorkizuna non dagoen, auskalo. Non ez dagoen argiago ikusten da.
Duela gutxi arte, nik Ibai Llanos nor zen…ideiarik ez. Jordi Évoleren saiora joatekoa zela jakitean, semeak eman zidan haren berri. Orduan, katalanak bizkaitarrari eginiko mesedea aipatu nion. Francisco aita santua edo Messi elkarrizketatzen dituen kazetariak sare sozialetan-eta dabilen gaztea telebistara eramatea horixe iruditzen zitzaidan: mesede handia. “Mesedea nork nori?”, bota zidan semeak. Galderatik ikurra besterik ez zuen erantzunak Internetera eraman ninduen. Ibai Llanosen merituak ezagutu nahi nituen.
25 urte, bilbotarra. Honaino, dena garbi. Ondorengoa, ilun xamarra niretzat: bideo-jokoen komentarista lanetan hasi zen profesioan. Urteko streamer izendatua, Twich-en 3,7 milioi jarraitzaile omen ditu. Bakarrik kanal horretan irabazitakoa: 1,4 milioi urtean. Azken hori bai, ederki ulertu nuen.
Kazetaritzan idazmakinarekin hasi ginenok ez dugu erronka makala. Helmuga etengabe atzeratzen dioten lasterkariaren antzera gabiltza: heldu nahi eta ezinean, itota eta galdera batzuk gogotik ezin kenduz: Teknologia berrienganako lilurak ez al du baztertu edukien gaineko gogoeta? Euskara nola aterako da iraultza honetatik? Eta galdetzen hasita, azkena: Ibai Llanosek ba al daki euskaraz?