argia.eus
INPRIMATU
Animalia basa
Castillo Suárez @casti_suarez 2021eko martxoaren 25

Ulertzen zailenak diren gauzak dira ahazten azkenak. Horregatik galdutako gauzak gurekin geratzen dira luzaroan. Egiazki ez daude gurekin, baina begiratzen diegu igerileku hutsetako igerilariei begiratzen diegun bezala. Horregatik abandonatuak ez du inoiz bere izaera galtzen. Horregatik ez du doluak bukaerarik. Akordura ekartzen zizkigun oroitzapenak erauzi nahi ditugu huntza apaingarria etxeko paretatik desitsasten dugunean eta horma hondatua agertzen denean. Ezinezkoa da galdutako gauzei ihes egitea. Horrek garamatza logelako atea zabalik uztera gaua lehenbailehen buka dadin; paisaia elurtuak maitatzera,  elurrak nola,  gure minek ere janzten gaituztelako. Denbora ez dugu orduetan neurtzen; gertukoen heriotzak zenbatzen ditugu agenda eguneratzen dugunean. Zu eta ni ezezagunak gara orain. Zu eta ni beste batzuen oheetan egiten dugu lo. Odolezko uharriak eraikitzen ditugu umerik ez ekartzeko eta ez izateko norengatik negar egin. Izan garen emakume guztiak sasi artean ezkutatzen den animalia basa bat dira, errepide ondoko etxe batean agertzen dena, beste herri batean.