Zer errana ematen dute hizkuntza eta teknologia uztartzen dituzten tresnek, batez ere euskalgintzaren alorrean lan egiten dutenen artean. Betidanik. Berriki, itzultzaile automatikoek dituzte bazterrak inarrosten. Izan ere, maiz sortzen dira salaketa saioak, erreminta hauek gutxietsiz eta nolabait euskararen aldeko indarraren etsai gisa aurkeztuz, eta gaiak lagunarteko nahiz profesionalen arteko solasak elikatzen ditu. Leporatzen zaie protokolorik gabe, kalitate bermerik gabe zabaldu izana, euskarazko sortzaileen ordezko bihurtzea, langabeziara bidaliko gaituztenak izatea, diglosi frendly izatea erdal kutsuko testu kaskar eta gezak sortuz. Hots, suntsitze arma masiboak dira.
Alabaina, ausart ote gaitezke beste hizkuntza guziek dutenari uko egiten euskaldunok? Ez ote dugu guk ere merezi aurrerapen guzi horiek ukaitea? Euskara hizkuntza txikia izanik, teknologiak beldurrak pizten ditu, jarrerez kezkatzea hobe genukeelarik.
"Berriki, itzultzaile automatikoek dituzte bazterrak inarrosten. Izan ere, maiz sortzen dira salaketa saioak, erreminta hauek gutxietsiz eta nolabait euskararen aldeko indarraren etsai gisa aurkeztuz"
Izan ere, paraleloan, informazioaren igorle gisa ohartzen ez bagara ere, hartzaile gisa ongi etortzen zaizkigu itzultzaileak, edozein hizkuntzatakoak, bitartekarien saihesteko eta informazioa lehen eskukoa izateko orduan, eduki batzuk zabaltzen-jasotzen ditugu zuzenean iturritik-iturrira eta komeni zaigu. Hortik, desira dezagun gurearengatik, besteen kasuan estimatzen duguna, desira diezaiogun munduari gure ulertzea, guk mundua ulertzea desiratzen dugun moldean.
Lehen ere egon dira teknologiaren inguruko kezkak. Garai bakoitzean entzun eta bizi izan ditut nihaurrek ere arrangura horiek: “Ikasleak egonen dira online, ahots automatikoek kontsignak irakurriz eta programek idazlana zuzenduz”. Bizkitartean, gaurdaino, ez didate lanik kendu, behintzat ez tresnek, eta ez dut behin ere entzun euskara ikasleak horrelako hauturik hobetsi duenik eta emankorra izan denik. Dakidanez ez da egon nehor –seriosik– itzulpenerako holako tresnarengan soilik eta osoki fidatu denik.
Bihar, ordezkatuko gaituzte gure lanetan? Itzulpena lanbide duenarentzat, ez dut uste berri ona denik, ezin uka, aldiz irakasleek biziraunen dugu ene iduriko. Izan ere, hizkuntzaren parte ez linguistikoa, subjektibitatea eta kultura, nekez du ordenagailuak menperatuko. Hitz baten hautatzea bestea baino, subjektuak egiten du. Testuinguruen eta xedeen finezia, zuzeneko afera bat da. Aterabide iraunkorragoa izanen da beti hizkuntza batean sortzea edo xede hizkuntza birsortzea. Euskal herrian integratu nahi duenak, komunitatean integratu beharko du eta, goiz ala berant, hizkuntza ikastera helduko da, beste gisaz, denbora galduko bailuke itzulpenetan, ez bailuke parekoa sakonki ulertuko, finezia galduko lukeelako eta sustut testuinguruaren parte handi batek ihes eginen liokeelako, hala nola komunitatearen erreferentziek, modak, iraganak, erlazionatzeko moldeak.
Izatekotan, hau da arazoa: komunitateak aski trinkoak ez diren lekuetan, eremu erdi des-euskaldunduetan, nola eginen da mantentzeko presio sozial aski handia euskara ikastearen beharra hain gutxi den tokian? Garbiki errateko, hemen euskaraz ari da kontzientzia eta borondate politikoa duen pertsona, bestela ez baita deus horretara akuilatzen gaituenik. Etorkizunean, hori aldatu ezean, euskara ikasteko hozpil denari kalitatezko tresna ematen bazaio, zergatik joanen da gau eskolara?
Dena dela, aldaketa ekarriko dute eta gainditu beharko dugu izan dezakegun erresistentzia erreflexa, atzerakada, izua, gureganatzeko, gure zerbitzurakoa izateko, ona eta aldekoa.