argia.eus
INPRIMATU
Euskaltzaleon klasismoa
Mikel Basabe Kortabarria 2021eko martxoaren 24a

Nafarroako Gobernuak ziklo bat kendu nahi zuen Altsasuko lanbide-heziketako ikastetxetik...

Jakin-min hutsez, institutuko web-gunera joan nintzen; hauxe topatu nuen: “El CIP FP SAKANA LH IIP imparte las clases en el modelo lingüístico G. El profesorado que conoce el euskera, en la atención personalizada al alumnado, utiliza este idioma cuando así se lo demanden”. Espainolez ematen dut, hizkuntza horretan baino ez dagoelako.

Hori irakurrita, legeak Nafarroan zer esaten ote duen begiratu nuen. Hauxe dio eremu euskalduneko hezkuntzaz 18/1986 Euskarari buruzko Lege foralak: “24. artikulua: 1. Ikasle guztiek irakaskuntza hartuko dute, guraso-boterea edo tutoretza daukan pertsonak, edo hala badagokio, ikasleak berak aukeratutako hizkuntza ofizialean. 2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara eta gaztelania nahitaez irakatsiko dira, ikasle guztiek oinarrizko eskolatzearen bukaeran bi hizkuntzetan gaitasun maila nahikoa egiaztatu ahal izan dezaten”.

"Ez dago euskarazko hezkuntza
lanbide-heziketara zabaltzeko asmorik ezta, irudi luke, gogorik ere.
Zer egiten zaidan harrigarria egoera tamalgarri bezain orokortu honetan? Euskalgintzaren pasibotasuna "

Ez bat ez bi, legea ez da betetzen: Sakanako lanbide-heziketako ikasleek ez dute hizkuntza ofiziala aukeratzeko ia eskubiderik: ziko bakarra eskaintzen zaie D ereduan. Gehien-gehienek gaztelaniaz ikasten dute, ez dute ikasgairik euskaraz, ezta Euskara ikasgaia ere.

Legea ez da betetzen, eta ez nau harritzen: EAEko Hezkuntza Sailak ere ez du betetzen: nonbait, euskararik ez dakiten langileekin sustatu gura du euskara eremu sozioekonomikoan. Lanbide-heziketan euskara bazterrekoa da erkidego bietan. Ez batean, ez bestean, inon ez dago euskarazko hezkuntza lanbide-heziketara zabaltzeko proiektu irmorik. Nahiz eta Altsasun datorren urtean beste ziklo bat eskainiko den D ereduan. Jakina: D ereduan eskaintzen dena G ereduan ere ikasten ahal da, baina ez alderantziz.

Zer egiten zaidan harrigarria egoera tamalgarri bezain orokortu honetan? Euskalgintzaren pasibotasuna. Egia da apurka-apurka ari dela alor honetarako eskakizun zehatzak egiten: STEILAS sindikatuak Altsasuko ziklo hori mantentzea eta euskaraz eskaintzea eskatu dio Gobernuari, eta LABek ziklo gehiago eskaintzea euskaraz. Kontseiluak 2019an egin zuen proposamenean, Nafarroako lanbide-heziketako zikloen %60 euskaraz eskaintzea eskatu zuen.

Paperera ailegatu da, bai. Baita horretan geratu ere.

Lanbide-heziketaz barik batxilergoaz ariko bagina, ez dut uste hain luzaroan hain oharkabean pasako zenik kontua. Ala benetan uste duzue normaltasun osoz onartuko genituela euskararik gabeko eskolak EAEko eta Nafarroako eremu euskalduneko institutuetan? Normaltasun osoz, gure seme-alabei batxilergoa euskaraz egiteko eskubidea ukatzea?
Ez dut uste.