argia.eus
INPRIMATU
Plastikoa elefanteak babesteko
  • Chicago (AEB), 1900. Urte hartako erroldaren arabera, hiriak 1.698.575 biztanle zituen; eta 830 billar-areto. Gaur egun ez dira dozenara iristen... Baina billarraren loraldi hark elefanteen gainbehera ekarri zuen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko martxoaren 11
Übingeneko unibertsitateko ikasleak billarrean, XIX. mendean. plastikoa baino lehen, bolizko bolekin jokatzen zuten eta elefanteen populazioan eragin izugarria izan zuen horrek.
Übingeneko unibertsitateko ikasleak billarrean, XIX. mendean. plastikoa baino lehen, bolizko bolekin jokatzen zuten eta elefanteen populazioan eragin izugarria izan zuen horrek.

Billarraren sukarra, Chicagon ez ezik, Mendebalde guztian zabaldu zen XIX. mendean. Jokoak Erdi Aroan du jatorria, baina aurreko mendeetan eliteen jarduna izan zen nagusiki. Han eta hemen billar-aretoak ireki ahala, jokoa herritar guztiei zabaldu zitzaien, eta horrek kalte izugarria eragin zien elefanteei.

Billarrean aritzeko, bolak ondo ibil daitezen, dentsitate jakin eta uniformeko materialez egin behar dira, eta elefanteen hortzetako bolia egokia da horretarako. Hortz batetik 3 edo 4 bola atera zitezkeela eta billarrean 16 bola erabiltzen direla kontuan hartuta, 2 edo 3 elefante hil behar zituzten billar-mahai bakarra hornitzeko. Billarraren loraldiak elefanteen gainbehera ekarri zuen.

Kontzientzia ekologikorik gabe ere, ekonomikoki hondamendia zekarren horrek billarraren negozioan ari zirenentzat. Baina irtenbidea asmatua zegoen ordurako, oraindik erabilera garbirik ez zeukan arren: plastikoa. Material askoz merkeagoa eta moldagarriagoa zen, eta, epe laburrean, elefanteentzat behintzat, ekologikoagoa ere bai.

1869an Phella & Collender billarreko materiala ekoizten zuen enpresak deialdi bat egin eta sari ekonomikoa eskaini zuen marfila ordezkatuko zuen material baten bila. John Wesley Hyatt (1837-1920) asmatzaile gazteak erantzun zion deiari. Alexander Parkes (1813-1890) ingelesak urte batzuk lehenago garatutako nitrozelulosa moldagarria hartu zuen oinarri zeluloidea lortzeko. Enpresa bolagileak urte horretan bertan patentatu zituen plastikozko lehen bolak eta, hurrengo urtean, 1870ean Hyattek berak zeluloidea, lehen plastiko industriala patentatuko zuen.

Hala, jaioberritan, plastikoak elefante batzuk salbatu zituen, nahiz eta, hazi ahala, elefanteak eta gainerako izaki bizidun guztiak arriskuan jarri.