Zutabe honek ez dauka hilberrien tartea izateko batere bokaziorik, baina Jean Claude Carriere ere zendu dela aipatu beharra dut –eta irudipena daukat jende ugari hiltzen ari dela azkenaldian, ez bakarrik birusagatik–. Tira, Carrierek, gidoigile aski ezaguna, Luis Buñuelen film ezagun ugari idatzi zituen. Bere heriotzak, hain zuzen, Buñuelen memoria liburua ekarri dit gogora, Mon dernier soupir, gazte nintzela irakurri eta oroitzapen ezin hobea utzi zidana. Esan daiteke gidoigileak berak idatzi ziola: “Ez naiz lumagizona. Hizketaldi luzeen ondoren, eta kontatu nion guztiari fidel, liburu hau idazten lagundu zidan Jean Claude Carrierek”.
Kontakizun bikaina, anekdota bilduma paregabea, XX. mendeko zinegilerik garrantzitsuenetako –eta, pertsonalki, maitatuenetako– baten barrenak erakusten dizkizu, ezer ezkutatzeko esfortzurik egin gabe –liburu osoa zeharkatzen duen urrin matxitoa, esaterako–. Azaltzen diren ia kontu guztiak dira benetan jakingarriak, are batzuk praktikoak; adibidez, dry-martini bat ganoraz nola egin: izotz gogorraren gainera “Noilly-Prat” tanta batzuk bota, eta kafe koilarakadatxo erdi bat; ondo irabiatu ondoren, likidoa bazter utzi, eta izotza soilik gorde; izotz horren gainean gin hutsa bota, astindu eta listo. Hori da dena, gaindiezina –ea nor ausartzen den orain esatera zutabe hauek ez dutela ezertarako balio–.
Hori bai, ez nuen hain nostalgiko gogoratzen: “Haurtzaroa Erdi Aroan pasatzeko zortea izan nuen. Garai mingarria nahi bada, materialki; baina espiritualki bikaina. Gaur egungoaz erabat bestelakoa”. Bat baino gehiago dira halakoak. Eta niri nostalgia ez zait batere interesatzen, nahiz eta inoiz sentitzera iritsi naizen –are bizi izan ez ditudan gauzekiko–. Eta interesatuko balitzait ere, Axular irakurri dut: “Ioana ioan, etorkizuna etorkizun, presentekoa da gure, eta ez bertzerik”. Eta Agota Kristof: “Atzo dena zen ederrago”, dio; baina jarraian esateko: “Oraina besterik ez dago”.