Ez dut ikusi biziak dituenik abailtzenago
hildako gorputz baten gelditasun apalak baino
Rosalía de Castro
Bidean ageri da heriotza, han-hemenka, zaparrada bat izango denaren aurreneko tanta lodiak hasten dira ugaritzen urteek aurrera egin ahala, inguruan zein etxean, ume berrien etorrerari buruzko albisteekin nahastean. Telefono dei baten ostetik iristen dira betirako oroituko dituzun datak, medikuen abizenak eta eguraldiak, hemendik aurrerako egutegi guztietan agertuko zaizkizunak, egutegi beharrik gabe. Beroa, elurtea, hego haize ikaragarria, euri langarra egin zuen goiz hartan, inoiz ez bezalakoa, inoiz ez ahazteko modukoa. Alkandora hura zeneraman soinean, aurreko egunean mila gauza egin zenituen, halakorik susmatu ere egin gabe, bilera bat, erosketak, korrikaldi bat polikiroldegian, orain beste esanahi bat hartu dute denek.
"Pertsona nagusi bat ikusi dut bere gaztaroko argazkiei begira, atzamarrarekin argazkiko lagunen paparrak zapalduz, 'hau hilda dago, eta hau ere bai, eta hau, gizajoa'"
Heriotzan pentsatzea da unibertsoaren amaiezintasunean pentsatzearen antzerakoa, handiegia okelaz egindako buru-muinek ulertzeko, ez da kabitzen burezurraren barruan hainbesteko zabalerarik. Propio eginda egongo da, beharbada: ez diezaiegun eskaini egunean pare bat minutu baino gehiago halako galdera handiei, jaitsi gaitezen geure eskuetan kabitzen denaren tamainara. Segi lanean, segi sinesten, segi lo hartzen eta esnatzen, ezer gutxik du zentzua, Marten 100 km orduko abiaduran dabil haizea inork grabatzen ez duenean ere, Ameriketan orain gaua da, zu hemen ez dagoen pertsona baten ahotsa entzuten ari zara aspaldiko bideo batean, gehiago entzungo ez den ahots bat, halako forma duen ahots-kordarik ez delako sortuko mundura berriro. Zorteduna zu, zure alboan sortu zelako.
Pertsona nagusi bat ikusi dut bere gaztaroko argazkiei begira, atzamarrarekin argazkiko lagunen paparrak zapalduz, “hau hilda dago, eta hau ere bai, eta hau, gizajoa”, eta sentitu dut bere besoetako eta sorbaldetako hotza nireetan, husten joan den mahai-inguru bateko bakardadea, ogi papurrak mantelean. Heriotzak erakusten die begiei agur esanez bezala begiratzen. Noizbait, mahai-inguruko denak argazki bihurtutakoan, besteren batek heldu beharko dio irudi horri, beharbada nik, jakin gabe zein egun izan zen hura, zergatik elkartu ziren, zein zegoen kameraren beste aldean. Oroitu egin beharko dut beste egun hau, azalpenak entzun nituenekoa, hauxe izango da inork atera ez digun argazkia, grabatu gabeko bideoa. Horrelako gauzak kabitzen dira okelatan, lauso bada ere. Besterik ez. Egia potoloren bat ikasteko jaio garela pentsatu nahi izaten dut batzuetan, eta hori ezagutu arte ez garela hilko. Gero ohartzen naiz ezetz, heriotzak gutxitan harrapatuko zaituela prest.