argia.eus
INPRIMATU
“Tout le monde déteste la police”
Ruben Sánchez Bakaikoa @arlotea 2021eko martxoaren 04a

Hori dio Errekaleorren dagoen horma-irudi batek, niri gozamen kilimak eragiten dizkit, eta nago, ezker abertzalearen kide eta boto emaile gehienei ere eragiten diela halako irribarre bat. Zergatik esan zuen orduan Arnaldo Otegik badagoela Ertzaintzaren barruan EH Bilduri boza ematen dion jendea eta ezker abertzaleko jendea sartzen ari dela? Zergatik dio berreskuratu behar dela Ertzaintza?

Ba, noizbait EH Bilduko lehendakari bat izango bada Ajuria Enean, harremanak “normalizatu” behar dituztelako Confebask, Vocento, Europar Batasuna, AEB eta, noski, Ertzaintzarekin. Realpolitik. Diplomazia. Oinak lurrean.

Egia esateko, ezkertiar askori helduen mundua handiegi egiten zaigu, kabroiegi, errealistegi, kapitalistegi, nazkagarriegi. Bai, ume, erraza da anti-dena izatea, baina gero lanera joan behar da, mailegu bat eskatu, furgoneta bat erosi...
Gogoan dut Askapenako kideoi Ezker Abertzaleak lehen hauteskundeak irabazi zituen Obamari bidalitako zorion mezuak eragin zigun mina eta haserrea. Zertarako? Pentsatzen genuen, zer inporta dio Obamari? Ardi beltzak beltza izaten jarraituko badu bihar ere?

"Lehen ezker abertzaleko jende bat sartzen zen ETAn, erakunde sozialista iraultzaile armatuan. Orain beste Ezker Abertzaleko jende bat sartzen ari omen da Ertzaintzan, erakunde polizial autonomista kapitalaren beso armatuan"

Hori bai: beste ardi zuri guztiek ardi beltzaren zurixkatze ahaleginari barre. Izan ere, noraino zuritu behar du beltzak zuriek onartu dezaten.

Bestalde, estatu bat aldarrikatzen duenak polizia, armada, espetxeak nola kudeatu pentsatu behar du, noski. Eta daudenetatik abiatu beharko du, iraultza (armatu?)-rik ezean. Ez dira tokian-tokian polizia, armada, espetxe guztiak berdin izan, egia esateko, han dago Kuba, Hugo Chávez zena, zapatistak, kurduak, palestinar brigada ezkertiarrak... eta nahi beste luza liteke zerrenda, segida logiko batean ETAn bukatzeraino.

Lehen ezker abertzaleko jende bat sartzen zen ETAn, erakunde sozialista iraultzaile armatuan. Orain beste Ezker Abertzaleko jende bat sartzen ari omen da Ertzaintzan, erakunde polizial autonomista kapitalaren beso armatuan.

CUPeko Laia Estradak berriki esan du Principateko eredu poliziala aldatu beharra dagoela, militarizatua dagoelako, beren taser pistola eta foam balak, beren torturak eta gehiegikeriak, beren mozal legearen erabilera, beren arrazakeria, beren amarru polizialak, beren independentisten kontrako oldarrak ere. Emaizkiozu gizaki bati pistola eta borra, esaiozu legearen defendatzailea dela, emaiozu inpunitate marko bat, hauts zuri pixka bat. Iiijili!

Nire adintxoan oraindik ez nago prestaturik debate honetarako, you may say I’m a dreamer, baina poliziarik, armadarik eta espetxerik gabeko herri bat, mundu bat nahi nuke.