argia.eus
INPRIMATU
Oihal moreak sutan
  • New York, 1911ko martxoaren 25a. Triangle Shirtwaist ehungintza fabrikak su hartu zuen eta 146 langile hil ziren, gehienak, 123, emakumeak, 14 eta 48 urte bitartekoak.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko martxoaren 2a
1908ko ekainaren 21eko manifestazio sufragistan erabili ziren lehenengoz mugimenduaren kolore hautatu berriak: morea, zuria eta berdea. (arg.: LSE Library)

Suak agerian utzi zituen langileen baldintza latzak; besteak beste, lanordu luzeetan giltzapean izaten zituzten, eta horregatik izan ziren hainbeste hildako. Gertaera funtsezkoa izan zen Ehungintzako Emakume Langileen Nazioarteko Sindikatuaren sorreran eta, oro har, emakume langileen aldeko borrokan.

Teoria baten arabera, kolore morearen eta feminismoaren arteko loturak ere Triangleko sutean du jatorria. Sua piztu zen unean, alkandora moreak ekoizten ari omen ziren eta hiri guztian ikusi zen kea morea omen zen, tinduaren eraginez. Sutearen zuri-beltzeko argazkietan ezin da horrelakorik antzeman eta bestelako testigantzarik eta frogarik ez dago. Badakigu, ordea, hiru urte lehenago, ozeanoaz bestaldean, emakumeen eskubideen aldeko aitzindariek morea propio aukeratu zutela kolore ofizialtzat.

Emakumeen sufragioaren aldeko elkartea Londresen sortu zen 1903an. 1908an mugimenduaren bandera eta, beraz, kolore ofizialak, aukeratzea erabaki zuten: morea, zuria eta berdea. Emmeline Pethick (1867-1954) kideak heldu zion enkarguari: “Morea errege-erreginen kolorea da, eta boto eskubidearen aldeko borrokalari bakoitzaren errege-odola sinbolizatzen du, guk guztiok daukagun askatasun kontzientzia eta duintasuna. Zuriak bizitza pribatu nahiz politikoaren garbitasuna adierazten du. Eta berdeak hasiera berri baten esperantza”. Urte hartako ekainaren 21eko Londresko manifestazio jendetsuan erabili zituzten lehen aldiz hiru koloreak; martxa 30.000 emakumek abiatu eta, amaieran 300.000-500.000 bildu ziren.

Mugimendu feministak aurrera egin ahala, sufragisten muga moral, politiko, ekonomiko eta etniko hertsiak gaindituz joan zen eta, hala, banderaren lerro zuria baztertu zuten. Eta berdeak hasiera sinbolizatzen zuenez, hura ere baztertuko zuten 70eko hamarkadan, feminismo “tradizionalaren” ikurtzat zutelako.

Moreak, aldiz, arrakasta izan zuen berehala. Esaterako, 1917ko iraultzaren ondoren, SESB jaioberrian Aleksandra Kollontai (1872-1952) izan zen emakumeen eskubideen bultzatzaile nagusia, eta alderdiaren iruditeria monokromo gorria morez ordezkatu zuen emakumeei buruzko edukietan; sufragista ingelesek erantsitako kutsu monarkikoa kenduta, jakina.

Ez dakigu 1911ko sute hartan oihal moreek kolore horretako kea eragin ote zuten eta horrek eragina izan ote zuen feminismoaren eta morearen arteko loturan. Baina Emmeline Pethickek urte batzuk lehenago aukeratutako koloreetatik morearen askatasuna eta duintasuna irisi dira gaurdaino.