Euskadiko Orkestra Sinfonikoak programa labur, eraginkor eta ondo interpretatuarekin gozarazi digu berriro. Inoiz ezin dugu jakin zein zirkunstantziek eragiten duten gure onena ateratzea. Baina egia da atsekabe uneak ez direla beti okerrenak. Adibidez, une latz hauetan Euskadiko Orkestra irudimena eta zentzu ona erakusten ari da abonu programetarako proposamen erakargarriak egiteko orduan.
Oraingo honetan, XIX. eta XX. mendeen artean bizi eta sortu zituzten bi konpositore ikaragarriren obra adierazgarri bana aurkeztu dizkigu. Bi estilo desberdin, iradokitzaileak eta zirraragarriak, entzuteko errazak, eta aldi berean, maila harmonikoan zein soinu-ehunduretan konplexuak.
Jan Sibeliusen biolinerako kontzertuaren bidea ez zen erraza izan. Bere estreinaldia Helsinkin 1903an benetako deskalabrua izan zen. Sibeliusek berak bere buruari agindu zion sekula gehiago ez zuela exekutatuko. Ondoren, bertsio berri bat egin zuen. Baina lehenengoa ez zen berriz interpretatu 1991ra arte, eta benetan merezi izan zuen. Emozioz beteriko obra da, non akorde bakoitza, harmonia bakoitza, bihotzera, zorigaiztoko bizitzaren gogortasunera, zuzenean doan.
Euskadiko Orkestraren bertsioa, Augustin Hadelich bakarlariarekin batera, hori izan zen, emozioa eta itxurakeriarik eza. Biolinista italiar-estatubatuarra sentimendu hutsa da, artifizialtasunik gabea, hain zuzen ere Sibeliusen musikak behar duena. Teknika hain orraztua duenez, soinuaren ezohiko emaitzari baino ez diogu erreparatuko. Hadelichek bere moldakortasuna erakutsi zigun bis bikainarekin: Louisiana Blues Strut: a cakewalk, Coleridge-Taylor Perkinson konpositorearena, graziaren eta birtuosismoaren alardea.
Kontzertua Antonin Dvorak-en bosgarren sinfonia interpretatuta amaitu zen, konpositorearen ekoizpenean funtsezko obra, non lehen aldiz bere lan bereizgarriaren ezaugarriak agertzen diren. Bosgarren sinfonian, Bohemia jaioterriko –eta beste eslaviar lurralde batzuetako– musika folklorikoa, haren melodiak eta erritmoak, bere estiloaren zati bihurtzen hasi ziren. Lan hori bere laugarren sinfonian oraindik agerikoa zen wagneriar estiloarekiko aurrerapen bat izan zen. Euskadiko Orkestrak, Ruth Reinhardt zuzendariaren gidaritzapean, ñabardura horiek guztiak partituratik atera eta publiko liluratuari helarazten jakin zuen. Zorionak.