argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Akitaniera
Aritz Galarraga 2021eko martxoaren 02a

Pasa den asteko zutabea ez nuen gustura bukatu: euskarari buruz zeozer idazten dudan bakoitzean, deseroso sentitzen naiz gero. Iruditzen baitzait euskaldunok etengabe ari garela euskarari buruz, hitz egiten, are kexuka. Aspergarria ere bazait, egia esan. Ados, hizkuntza gutxitu, eta txikitu, eta menostu bat dela, eta suspertu, eta babestu, eta nahi duzuena egin behar dela, baina zer onik ekar lezake egun osoz negar lanturuetan aritzeak? Gonzalo Tornek dio: zerbait falta bada, jar gaitezen zerbait hori egitera, eta listo. Ezin uka euskararen aferak ezinegona sortzen didala.

Halako batean iritsi zait esku artera liburutxo bat, Vascónico-aquitano, Joakin Gorrotxategik sinatua, Zaragozako unibertsitateak argitaratua, zeinean gaurko euskararen iragana aztertzen den, eta, baskoien hizkuntza indigenaz gainera, aipatzen den akitaniera, hortik izenburu konposatua. Eta esaten zaigun I. eta III. mende bitartean, Pirinioez iparraldean ez ezik, hegoaldeko zenbait tokitan ere mintzatzen zen euskararen forma zahar bat dela akitaniera. Kontxo. Zergatik ez gara jolasten hizkuntzari izena aldatzera: zergatik ez diogu gureari deitzen baskoniera-akitaniera, edo zuzenean, sinplifikatzearren, basko astunegia ere gainetik kentzeko, akitaniera. Izenak azken batean ez dira konbentzioak baino; baina aldatzeak ekar dezake izana ere aldatzea. Pentsa ze pisu arinduko genukeen, euskara beharrean –listo, desagertu da, ez dugu gehiago sufritu behar–, hemendik aurrera hasiko bagina hitz egiten dugun hizkuntza honi deitzen akitaniera. Horrek konektatuko gintuzke kontinentearekin gainera, sortzez penintsularrak garenok ere. Berriz jarriko lirateke modan Anderexo, Sesenko eta gisako izen propioak. Eta bazter utziko genuke, azkenik, urte luzeetako karga agonikoa: kolpetik izango genuke hizkuntza bat usatu, maiseatu, itzulipurdikatzekoa. Hizkuntza normal bat, alegia.