"Igandea noiz iritsiko irrikaz izaten ginen, elkarrekin joateko amonaren etxera”. Hitz horiekin hasten da narratzailea, neskato bat, ilobek amonarekin igandero izaten zuten enkontrua kontatzen, nola prestatzen zien amonak hostopila, nola hartzen zuen anis kopa.
“Oroitzen dut” izango da liburuaren lehen parte honetan esaldi gehienen hasiera. Eta oroitze horretan amona nolakoa zen, nola janzten zen, haren besarkadak… gogoratuko ditu narratzaileak, baina baita ere amonak nola kontatu zien gerran jazotakoa: “Oroitzen dut, amonak errana, karriketan jolasteko gogorik ez zegoela gerran. Oroitzen dut, amonak errana, gerran ez zegoela jaterik galletarik edo pastelik. Oroitzen (…) gerran hil zutela aitona (…) zeharo gautu zirela egunak 1936an”.
Tonu sinple eta goxo batean kontatzen zaigu amonarekin zuten harremana, eta tonu horretan ere azaltzen zaigu amona hil zela aitonaren hezurrak non dauden jakin gabe. Hots, Amonarenean kea liburua gerraren drama, galtzailearen drama, haurrei hurbiltzeko modu zuzen eta egokia dugu, tonu poetiko batetik abiatuta, idazkerarekin bat egiten duten ilustrazio sinple eta iradokitzaileen bidez, familia barruko aspaldiko historia kontatzen digun narrazioa. Alde horretatik liburu hunkigarria dugu; sinpletasunetik eta inozentziaren begietatik erakusten zaigulako amonaren goxotasuna eta amonak bere baitan urteetan gorde duen samina.
Amonarenean kea liburua, baina, bitxia da baita ere historia baten bi narrazio ditugulako. Lehena aurretik komentatu duguna. Bigarrena haur helduagoentzat (eta helduentzat ere) narrazio moduan kontatua. Antoni Benaiges i Noguésen historia (edo hilketa, hobe esanda) kontatzen zaigu. Aurreko albumeko amonaren senarraren historia. Nola atxilotu zuten maisu izateagatik eta haurrak askatasunean hezi nahi izateagatik. Historia-hilketa gordina. Izan ere, liburuaren amaierako oharrean Dani Martirenak dioen moduan, “maiz izaten da errealitatea fikzioa bera baino gordinagoa”.
Apustu ausarta egileena, eta liburu gomendagarria, literatura ikuspuntutik, baita memoriaren gaia haurrei hurbiltzen hasteko ere.