Ez naiz batere nostalgikoa eta jakitun naiz belaunaldi bakoitzak bere tendentziak dituela edo izan beharko lituzkeela. Era berean, oso argi daukat jada rock-and-rollak ez duela gazteen arreta pizten, punk-Oi!aren salbuespen harrigarriarekin, alegia. Hala ere, irribarrea irten zait disko honetako lehen kantan baby hitza irakurri dudanean. Bestelako konnotazioetatik kanpo (zorionez), disko eta talde honek rock-and-rollaren topikoetatik gustura edaten du. Haize kontra ari direlako ere, pozten naiz.
John Dealer and The Coconuts taldea 2015ean sortu zen Legazpin, rock-and-rolla zentzu zabalenean ingelesez –eta ondo ahoskatuta– egiteko asmo sutsuaz. Bestelako proiektuetan parte hartuak ziren lau gazte elkartu ziren talde berean indarra jartzeko gogotsu. Kontzertuak egiten hasi eta 2016an maketa kaleratu zuten. 2018an We will get together in hell lana kaleratu zuten. Azken lan honek, berriz, lehen aldiz euskarazko bi kanta jaso ditu. Aurrekoan bezalaxe Beasaingo Pottoko estudioan grabatu dute, Freddy Pelaez handiarekin.
Queens don´t fall in love kantak badu Glueciferren urgentziatik eta harrotasunetik, baita 77ko punk-rockaren melodiatik ere, eta riff-ak asko gogorarazi dit Nirvanaren ezetz asmatu zein kanta. Say no-k badu ahaidetasuna Hellacopters-en High Visibility garajeroagoarekin –glam, rock dotorea…– eta Freddy Pelaezen hammond-ak ez dauka Boba Fett-aren inongo inbidiarik. Someone Split the beer on my head borrokalariagoa da eta oinarrizko rock-and-rollaren eta rockabillyaren kadentzia dauka, iluna eta bizia. Argi utzi dute, baita ere, euskaraz proposamen interesgarriak lantzeko gai direla, eta Bukatu da tempo erdiko 70eko hamarkadako hard-rock pieza dotorea oparitu digute. Rock-and-rollaren abaniko zabalean denboran atzera eta aurrera eginez, Tell me why kantan Detroiten aspaldi high-energya eta soula ezkondu nahi zituzten Rationals moduko taldeen parean kokatu dira. City of RnR-ek ere badu iraganeko doinu indartsu eta sarkorretatik, Sewergrooves-en dotoreziaren pare. Ez gara ezer eta Never giving up-ek taldekideen asmo eta kezkak plazaratzen dituzte modu itsaskorrean, klasikoagoan eta zuzenean.