argia.eus
INPRIMATU
Mary Mallon, 26 urte koarentenan
  • New York, 1915eko martxoaren 27a. Mary Mallon sukaldaria berrogeialdian sartu zuten North Brother uharteko ospitale batean, hainbat eta hainbat pertsonari sukar tifoidea kutsatu ondoren. Ez zen arrazoi horrexegatik koarentenara behartu zuten lehen aldia, baina azkenekoa izango zen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko otsailaren 24a
(argazkia: Untapped New York)

Mary Ipar Irlandan jaio zen 1869an eta 15 urte zituela, beste herrikide asko bezala, AEBetara joan zen bizibide errazago baten bila. Sukaldari lanetan aritu zen, 1907an sukar tifoidea hiriko klase ertain eta altuko familietan zabaltzen hasi zen arte. George Soper saneamendu ingeniaria gaixotasunaren agerraldi berriak aztertzen ari zen eta konturatu zen kutsatutako hainbat familiak zerbaitetan bat egiten zutela: Mary Mallon zen haien sukaldaria. Sintomarik izan ez arren, bera zen kutsatzailea, eta horregatik giltzapetu zuten North Brother irlako ospitalean. Lehen berrogeialdi hura hiru urtekoa izan zen.

Askatu zutenean, sukaldari aritzea debekatu zioten, baina Mallonek ez zuen beste ogibiderik. Identitatea faltsututa, lanean –eta ingurukoak kutsatzen– jarraitu zuen, 1915ean berriro atxilotu eta ospitalean sartu zuten arte. 1938an hil zen Mary Mallon, Brother Island uhartean isolatuta, azken sei urtetan ohetik jaiki ezinik.

Typhoid Mary ezizena jarri zioten komunikabideetan eta “Amerikako emakumerik arriskutsuena” titulua ere bai. 500 kutsatze eta 50 hildako inguru leporatu zizkioten, egiaztatutako kasuak askoz gutxiago izan arren: 51 kasu eta 3 hildako. Sintomarik gabeko patogeno eramaile baten kasua, superkutsatzaile baten kasua aztertzen zen lehen aldia zen, baina ez zen kasu bakarra. Esaterako, New Yorken bertan, garai bertsuan, Tony Labellak gutxienez 122 pertsona kutsatu zituen, eta horietatik 5 hil ziren. Labellak bi aste eman zituen koarentenan; emakume etorkin pobreak, aldiz, guztira, 26 urte.