Aurten, otsailaren 16an genuen astearte ihauteri. Aspaldiko usaia dugu ihauteriak ospatzekoa gure gizartean. Sinbolikoki, ekitaldi artistiko erritualizatuari esker, garai horretan gain azpiz ezartzen dira bata eta bestearen rol sozialak, epaitzen eta kondenatzen dira justizia arruntak hunkitzen ez dituenak, autokritika zorrotz bezain alegera egiteko parada ezin hobea dugu ere. Toki frankotan, suaren bidez garbitzen dira urteko nahigabeak eta izadiaren iratzartzearekin batean, hatsa berriz hartzen du jendarteak. Baigorri-Aldudeko ibarrean, ihauterietan, udaberria eta itxaropena sinbolizatzen duten karatoxa dotoreek garaitzen dituzte zirtzil zikin eta oihesak.
2021ean, alabaina, ihauteria guti ospatuko da han eta hemen: ondorioz, sinbolikoki ere ez ditugu baltsan uzkailaraziko askatasuna murrizten diguten legedi berriak, ez ditugu trufa salbagarriz jujatuko arau horien asmatzaileak, izurriari eta izurriaren eraginei begira mugarik ez dugu markatuko. Gehiago dena, ez dugu kolektiboki irri eginen gure buruaz, gibelapenik ez dugu hartuko elkarrekin, ez gara publikoki zirtoka eta bertsoka ariko gure gogo-bihotzak arintzeko eta biziberritzeko.
"Ez dugu kolektiboki irri eginen gure buruaz, gibelapenik ez dugu hartuko elkarrekin, ez gara publikoki zirtoka eta bertsoka ariko gure gogo-bihotzak arintzeko eta biziberritzeko"
Alderantziz, irudi du etengabeko tentsio batek harrapatu gaituela: osasunaren izenean, hatsanturik gabiltza goizetik arrats eta berdin gauaz lan egiten, zapaltzen gaituen makina ekonomikoa ez dadin geldi, estatistikak ez daitezen jaits ala igo. Ematen du biziraupen kolektiboaren izenean, zuzen errateko produktibitatearen izenean, norberak onartu behar duela bere burua jo ta ke leher eginaraztea.
Giro horretan, zenbaitzuek ahantziko dute beren burua, inguruko lagun behartuak salbatzen saiatzeko; besteek aldiz, aldarrikatzen zituzten printzipio handiak ukatuz berdin, beren burua salbatzea baizik ez dute izanen gogoan, gosta ahala gosta –eta hori uler daiteke, oinarrizko beharrak aseak ez direnean, bakoitzak berea baizik ez dezake izan gogoan–. Joera kolektibo horri etenik edo mugarik ez markatzeak –sinbolikoki lehenik, adibidez ihauteri kari, ondotik errealki–, nahaskeria sozial itsuenera eta hondarrean barbarismora, gerla basara eraman gaitzake.
Ene ustez, gazteria da bortizkienik joa. Egun hauetan entzuten da haurrak trenpu txartzen direla maskarengatik, arazo psikologikoak areagotu eta areagotuko direla gazteriaren baitan, unibertsitateetako ikasleak engoitik jateko, garbi egoteko eta aterpea atxikitzeko kezkarekin daudela egun osoan, modu mugagabean, helduok ez diegulako egoera horren bururatzerik bermatzen ahal.
Segur naiz bizkitartean gazteriak argi dauzkala etorkizunerako erronkak, aldaketa klimatikoari aurre egiteko beharra, mundu heineko zuzentasun soziala helburu, tokiko ekosistema natural eta humanoak babestuz. Ez dut dudatzen egungo gazteriak, hainbeste pairaturik aitzineko belaunaldiek utzi dioten munduan, ez dituela aitzineko ereduak erreproduzitu nahiko.
Amesten dut aurtengo udaberri hastapenean ez bada, ahal bezain goiz ospatuko direla inoiz ikusiak izanen ez diren ihauteriak, eta karatoxa gazteek zirtzil zaharroi gaina hartuz, behartuko gaituztela infernuko martxa hau gelditzera eta arnas hartzera, zinezko bizia zaintzeko eta gozatzeko. Aldudeko ibarraren sartzean, “Lana” hitza dago aspaldidanik tindaturik zentrala hidroelektrikoaren pareta xuriaren gainean; urrunago, “Lan guttiago, orgasmo gehiago” dute idatzi gazteagoek.