argia.eus
INPRIMATU
Bizitzak ditugu jokoan
Irati Tobar Eguzkitza 2021eko otsailaren 19a

Bigarren olatuan edo dagoeneko hasia den hirugarrenean gauden ezin jakin. Bai, ordea, pandemia hasi denetik Euskal Herrian hildakoak ez direla gutxi izan, COVID-19aren kudeaketa negargarria izan dela eta osasun eta zaintza sistema publiko eta indartsuak behar ditugula. COVID-19ak jadanik krisian zegoen sistema heteropatriarkal kapitalistan sakontzea besterik ez du egin, egiturazko zapalkuntzen ondorioak azeleratuz; horregatik, pandemiaz baino, sindemiaz aritu behar dugu.

Osasun sistema kolapsora eraman dute, gizarte zerbitzuak guztiz pribatizatu eta zaintza merkantzia huts bilakatu. Negozioa egiteko erabiltzen ez denean –esplotazio eta esklabotza egoera gordinenean–, sistemari doan ateratzen zaizkio zaintza-lanak; hauek, etxeetan, emakumeok* burutuz.

"Adinekoen egoitza-zentro bateko langile eta egoiliarren senideekin espazio presentzial eta kolektibo bat partekatzeko aukera izan dut Portugaleten. Argigarria bezain gogorra"

Azken hilabeteetan, adinekoen egoitza-zentro bateko langile eta egoiliarren senideekin espazio presentzial eta kolektibo bat partekatzeko aukera izan dut Portugaleten. Argigarria bezain gogorra. Muturreko egoerak –hildakoak– bizi izan dituzten bi kolektibo traumatizatu aurrez aurre ipini dituena. Feminizaturiko sektore bateko aitortzarik gabeko langileak, haien gorputz eta bizitzak arriskuan jarri dituztenak; eta guztiz isolatu dituzten egoiliarrean senideak, harreman sozial eta afektiboak errotik moztu dizkietenak.

Langileen lan-kargak, gehiegizko ratioak, hastapenetan babes neurririk eza, beldurrak. Egoiliarren eta haien senideen kezka, isolamendu sozial eta fisikoa, kalitatezko arretarik jaso ez izana, beste egoitzetan gertaturiko hildakoak, beldurrak. Elkarrizketa ordu asko igaro behar izan dira, egoera traumatiko honetan bakoitzak bizitakoak besteari leporatzeari utzi eta burua altxatuz ikusmira zabaltzeko.

Etorkizun hurbilean adinekoen egoitzetan gertatu denaren inguruko ikerketak eta erantzukizunak –baita politikoak ere– eskatu beharko ditugu. Bizitakoa ikertu, aitortu eta erreparatzeko bidean jartzeko. Ezin ahaztu Sestaon ezkutatu zizkiguten hildakoak. Ezin ahaztu Bizkaiko Diputazioak noiz eta nola eman dituen datuak, ezkutatu dituenak, egin dituen kudeaketak eta egoitzetan dituen irabazi ekonomikoak.

Langile eta senideak egoitzaz egoitza antolatzen hasiak dira. Elkarrizketa kolektibo horietan aldarrikapen komunetara iritsiz: senide eta egoiliarrak subjektu gisa aitortzeko beharra, langile-egoiliar ratioak jaistekoa, kalitatezko arreta emateko langile gehiago kontratatzekoa eta egungo zaintza beharrei erantzuteko beste araudi bat, EAEko adinekoen egoitzei buruzko 126/2019 dekretua indargabetzen duena, ratio handiak izanagatik. Hauspotu ditzagun borroka hauek martxoaren 4ko greban kalean babesa emanez, eta urratsak egin ditzagun zaintza sistema publiko eta komunitarioa eraikitzeko, bizitzak ditugu jokoan.