Idazteak era guztietako enkarguak jasotzea ekarri dit: senitartekoendako eskelak, lagunendako hiletetarako poemak, haur jaio berriendako opari-testuak, politikoendako hitzartzeak, Hiru Erregeendako diskurtsoak… Paperak ordenatzen ari naizela lagun bati egindako testuen karpeta aurkitu dut: erakunde nazional bateko lehendakaritzarako aurkeztu behar zen, eta horren zaila zen egoera, ez zekien aterako zen ere. Bi testu prestatu nizkion: bata ateratzen baldin bazen irakurtzeko, eta bestea bozketa galtzen baldin bazuen edukitzeko, zer gerta ere. Kargua hartu zuen bai, baina ez zuen asko iraun liskarzaleen artean. Bere agurraren berri irratian ematen ari zirenean, Gasteizko kale batean nengoen, autoan sartuta, negarrez, neronek idatzi bai, baina nire egiten ez nituen hitzak entzuten. Ez genuen inoiz hitz egin testu hartaz. Ezin nuen ulertu erretiratzea ezer txarrik esan eta, areago, sentitu gabe. Baina 45 urte kostatu zait Elizabeth Bishopen hitzok nire egitea: “Bistan da: galtzearen artea ez da zaila ikasten/hondamendiaren traza izan dezakeen arren.”