argia.eus
INPRIMATU
Tempo garratz eta kiribilduak
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko otsailaren 04a
'Braulio' diskoa, Braulio taldeak autoekoizpenean ateratakoa.
'Braulio' diskoa, Braulio taldeak autoekoizpenean ateratakoa.

Izaten dira tarteka halako sorpresa atseginak eszenan. Horixe bera gertatu zait izen sobera arrunta eta ustez arrastorik uzten ez duena daukan talde honekin. Buelta erdia ematen dio bila ari garenok aspaldian aurkitzen ez dugunari. Eta hara non, proiektu berri honen errudun aspaldiko zakur zaharrak: Norman taldearen sortzaile Kepa ondarrutarra eta Alex eibartarra, makina bat taldetan ibilitako Ruben ondarrutarra lagun.

Ezagutu ez zenutenontzat Norman izan zen Eibarko Legarreko lokaletan sortutako talde rockero ireki eta ero samarra, nire ustez behintzat Dead Kennedys eta M-Ak eskizo batzuetatik gogoz edanda oso proposamen interesgarria landu zuena. Eroegia rockeroentzat eta punk eta hardcorearen zama astunegia esperimentazioaren zaleentzat. Itzela zen taldea, ezer kaleratu aurretik finalista izan zen bai Danbaka zein Bilbo Hiria lehiaketetan. Bide propioa egin zuen, axolagabeki. Gero eta eroagoak, basatiagoak eta pertsonalagoak ziren hiru disko kaleratu ostean itzali zen zoritxarrez.

Bada, taldeko gitarra Kepak etxe inguruan talde berria sortzea erabaki zuen. Poliki-poliki kantak idatzi eta hirukotea osatu du Normanen aritutako Alex baxu-jotzaile fidelarekin (eta eroarekin) eta Ruben eskarmentudun bateriarekin. Emaitza bost kantaz osatutako EP hau, Ondarroako AME estudioan Axular Arizmendiren laguntzarekin zuzenean grabatutakoa.

Norman-en baino tempo lasaiagoak landu nahian hasi zen Kepa idazten, baina eskizo tonua ezin du alboratu. Bospasei minutuko kantak dira, lehengo indarra eta abiadura motelduta, intentsitatea eta garraztasuna irabazten dutenak.

Gorputz-ek dena dauka: iluntasuna, erritmo aldaketa asko, Inoren Ero Ni-rekiko ahaidetasuna, post-rocka, barru-barruko melodia eta batez ere esentzia instrumentala. Natura-k ere erritmo aldaketa jostari handiak ditu, baina gai da Mike Watt upel bete batetik aterata funky-post-destroya egiteko, zeinak koro goxoentzat lekua egiten duen. Karroña-k bi kapitulu ditu: intentsitate eta indarra biderkatzen duen sasi jazz zikin eta kiribiltsua, eta ondoren, popetik post-rock noisera igarotzeko bidezidor ustez laburra. Azkenik, Eroa-k dirudi nolanahi eta kostata abiadura moteldu nahi duen Norman-en sasikumea.

Braulio taldea. Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza.