NBEk adierazpen bat egiten duenean, pentsatzen dut herrialde aberats bat edo batzuk gehiegikeriaz jokatzen ari direla, pertsona zaurgarri ugariren bizitza dagoela tartean eta NBEk ez duela egoeran eragiteko botererik. NBEk salatu du herrialde aberastuek txertoak bere gain hartzeko arriskua dagoela. Herrialde pobretuetara ez direla iristen ari.
"NBEk salatu du herrialde aberastuek txertoak bere gain hartzeko arriskua dagoela. Herrialde pobretuetara ez direla iristen ari"
Beldurraren doktrina hainbeste hilabetez eta hain monopolio basatian –hedabidetan, politika instituzionalean, kalean, edonon– jasan, irentsi eta barneratu ondoren… zer iritzi eta erantzun sorrarazten zaio gorputzean hiritar on arduratsu edozein bati? Ez al du entzungo, hasieran harrituta, barneko ahots bat, politikoki oso deserosoa, “Bai, bueno, ez luke horrela izan behar baina gu geureaz kezkatzeko momentuan gaude”?
Zein erantzun gorputzean “pateran datozenak txerto gabe datoz eta arriskutsuak dira herrialde atzeratu zikinetatik datozelako” kanpaina mediatikoa martxan jartzen denean? Europa lubakituaren harresiak are gehiago blindatzeko legea aldatzen denean? Beldurrak elkartasuna izozten du, faxismoarentzako opari baliagarri eta funtzionala.