40 pertsona bildu gara Gernikako Astra gaztetxean, bakoitza bere aulkian jarrita eta segurtasun distantzia mantenduz. Argi ahulak eta bozgorailuetatik datorren musikak giro erosoa sortu dute. 40 lagun, eszenatoki huts bati begira, beste norbaitek aukeratu duen diskoa entzuten, adi. Formatu egokituan, baina, Kafea eta Galletak ekimena itzuli da.
Bost urte eta gero bueltan da Kafea eta Galletak ekimena. Zergatik orain? Zergatik pandemia baten erdian, elkartzeko oztopoak eta baldintzak inoiz baino latzagoak direnean? Leire eta Ibon antolatzaileek argi daukate: kultura kinka larrian dagoen une honetan, are egoera larriagoan dago kultura herritarra, instituzioetatik kanpo egiten dena. Espazio alternatiboak balioesteko berrabiarazi dute bost urtez lozorroan izan den ekimena. Ezaugarriengatik, formatu bikaina da gaur egungo egoeran zirrikituak aurkitu eta kultur jarduerak gauzatzeko. Musika kontsumo azkarreko giro-zarata bihurtu den garaiotan, lagun artean bildu eta norbaitek aukeratu duen diskoa modu aktiboan entzutea eta komentatzea plan bikaina izan daiteke.
Kafea eta galletak
Noiz: urtarrilak 5
Non: Gernikako Astra gaztetxea.
Oraingoan J Martina taldekoei egokitu zaie diskoa aukeratu eta aurkeztea. Gaur entzun behar duguna Dellafuenteren azkena izango da. Iaz argitaratu zuen Granadako artistak Descanso en poder (Sony Music). Flamenkoa eta musika urbanoa nahasten dituzten hamar abestiz osatuta dago lana. Proposamen interesgarria, Kafea eta Galletak-en ohikoak izan diren hautaketetatik nolabait aldendu dena. Entzunaldiaren ondoren, J Martinakoek granadarraren lanak musika eta kontzeptu aldetik haientzat izan duen garrantzia nabarmendu dute diskoari buruz eskaini duten solasaldian.
Entzunaldia eta gero J Martina taldearen zuzeneko emanaldiaz gozatzeko aukera izan dugu. Larrabetzu eta Barañaingo hirukoteak autotunearekin iragazitako bi ahots, gitarra eta sintetizadoreez osatutako proposamenak onerako harritu gaitu, ez baikenuen taldea ezagutzen. Sortu dituzten paisaia intimo eta ederretatik pasiatu dugu Desira eta Su bezalako abestiekin, baita Beste Zerbait abesti eder eta latzarekin ere. Askotariko musika-bidezidorretatik eraman gaituzte eta, bukaerarako, dantzan jartzeko gogoz geratu gara. Gogoz kontra, aulkietan jarrita mantendu gara altxatzeko seinalearen zain, bakoitza bere lekuan baina, nolabait, guztiok bat eginik. Bi bertsio eskaini dituzte, Dellafuenteren Ya No Te Veo eta Joseba Tapiaren musika eta Koldo Izagirreren hitzak dituen Lagun Galduaren Geografia.
Gernikatik asetuta itzuli gara, aspaldiko lagun zaharra ikusi eta lagun berriak egin ondoren.