2009an Els Trocs kobazuloa aurkitu zuten Huescan, San Feliu de Veri-Bisaurri udalerrian. Besteak beste, sarraski baten ondorioak aurkitu zituzten bertan.
Baina, berriki, ikerlan baten bidez, bertan aurkitutako milaka arrasto aztertu dituzte, gehienak ardi arrastoak, eta Neolitikoan, duela 7.300 urte inguru gizakiek artaldeak handik pasa arazten zituztela ondorioztatu dute. Horrenbestez, Europako tranhsumantziaren frogarik zaharrenak dira Els Trocsen aurkitutakoak.
Gainera arrasto zaharrenak garai hartakoak izan arren, 5.000 urte inguruko hezurrak ere aurkitu dituzte. Horrek esan nahi du transhumantzia ez zela puntuala izan, gutxienez bi milurtetan luzatu zen jarduera baizik.