argia.eus
INPRIMATU
Urte berriaren atarian
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2021eko urtarrilaren 21

2020 urtea joan, 2021 urtea jin. Denek bezala, ingurukoei opatu diet aitzineko urtea baino hobeagoa izan dakiela berria, osasun onarekin bereziki, nola ez. Alta, mundua norabide galgarrirantz abiatua dela ezin uka. Beroketa klimatikoa eta migrazio behartuen arazo nagusiez gain, askatasuna murriztu zaigu: multinazionalek zein botere publikoek hiritarrak oro fitxatzear gaituzte; orain arte baino zailago dateke gero hurbilean biltzea, elkarteak sortzea, militantzia soziopolitikoan hastea edo irautea, legedi berriek zerraturik bezala baikaituzte; lan baldintzak nehoiz baino gehiago okertu zaizkigu, bai alor pribatuan, bai sail publikoan –lanean jarraitu ahal dugun pribilegiatuoi–; jendetasunezko harremanak hormatu dira, arroztua dugu erabat elkar agurtzeko musua, besarkada edo bortzekoa; konfiantzarik ez dago gehiago agintariengan; ekonomia erreala behereko errekarantz abiatua da, ziztu bizian, baina ekonomia birtuala sekulako fleitean dago; laurogeita hamar urteko aitatxi-amatxiak txertatuko dira, baina etorkin gazte-gazteak ehunka hiltzera uzten dira itsasoan. Herri aberatsetan, bakoitza kiribildurik gabiltza gure eguneroko hitsean, iraupen pertsonala helmuga. Osasun fisiko, mental eta afektiboa itsutzen duen izu orokorra muineraino sartua du gehiengoak.

Zenbaitzuek pentsatua zuten izurri aitzineko “anormaltasunera” ez ginela itzuliko, “normalitate” berria, ekologikoa eta zuzena, asmatuko genuela hetsaldi garaian. Ordu arte guti adituak ziren ahots itxaropentsuak oihu ozen bilakatu ziren. Baina badirudi inoiz baino anormalagoa dugula oraina, lehenagoko anormaltasuna baino anormalagoa ere, eta etorkizunerako zaila izanen dela zentzuzko normak eraikitzea. Jainkoaren ondotik, ideologiak isildu eta hil dira: engoitik, nork noiz non nolako normak ezar litzake xutik? Hersturetan gaude, itsumandoka, erori artean behaztopatuz noraezean ari, pantailei zozoki kateatuak.

"Hersturetan gaude, itsumandoka, erori artean behaztopatuz noraezean ari, pantailei zozoki kateatuak. Zertan ezarri esperantza, beraz, aurten?"

Zertan ezarri esperantza, beraz, aurten? Lehenik, ahal dugun neurrian, bizitzaren gozamenean. Gizarte izoztu eta gaiztotuaren uretan gurutzatu atseden, goxotasun, elkar-ulertze edo maitasunezko uhartetxoetan geldialdi salbagarriak preza ditzakegu; goza ditzakegu lehenago baino kartsukiago adiskide, familia, haur, bikote-kidea eta auzoekin pasatu une iheskorrak; plazer sakonarekin libra ditzakegu irriak eta zirtoak; ozenkiago adieraz ditzakegu gorputzaren goseak eta izpirituaren egarriak.

Gero, etsipen guziak gaindituz, adostu genezake, gure baitan eta kolektiboki, transmititu nahi dioguna gazteriari, eta transmititu nahi ez dioguna, uros, argi eta aske haz dadin; indarrak eman ditzakegu transmisio hori baikorra eta alaia izan dadin.

Bestalde, elkartasunezko ekitalditan parte har dezakegu, auzoan edo herrian, mundua aldatu ezinean gure ingurua bederen hobetzen saiatuz.

Azkenik, izadiak eta arteak eskaini edertasuna eta norabide e(ste)tikoa ikusten jakin dezakegu, arima eta bihotz altxagarri.

Dudarik gabe, aurten pobrezia hedatuko da, iritziak muturretara joanen, gerla giroa zabalduko; segurki, aldizkatuko dira bakoitzarengan ernegu eta oldartze momentuak, umore zinikoa eta hitz errabiatuak, negar zotinak eta barre karkailak. Asmotzat har dezagun, bada, gorabeheren artetik irautea bizirik, bakoitza etxean berekoiki ez baina kanpoan elkarrekin, handikien komedia hilkorrak jasan beharrean irudimenak, zentzu onak, kontzientziak eta bihotzak gomendatua ekintza bihurtuz.